«Justizian oinarritutako konponbidea» eskatu du Etxerat-ek

Ekhi Erremundegi Beloki.
Herria
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Etxerat elkarteak «arrangura» agertu du euskal presoek bizi duten egoeraren aitzinean. Bereziki azpimarratu du Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Frederic Haranburu Xistor presoen egoera «gordina». Oroitarazi du aspaldi beteak dituztela legeak baldintzapean aske geratzeko aipatzen dituen irizpideak, eta azken auzietan lehen instantziako epaileek askatasun horren alde egin dutela. «Baina fiskaltza antiterroristak duen blokeo sistematikorako joera konponbiderako oztopo da».

Etxerat-en hitzetan, fiskaltzaren jarrerak ez du soilik presoengan eragiten: senitartekoek bizi behar duten errealitatea «gogortu eta estutu» ere egiten du. «30 urte baino gehiago dira Jakes, Xistor eta Ion Keparen senitartekoek espetxeetara bidaiatzen dutela, esperantzarako helduleku gutxirekin egonik, eta, aurrera begira, amaiera datarik ikusi gabe. Senideak ere bizi osoko zigor batera kondenatuak izan dira», deitoratu du.

Presoen senideek salatu dute «humanoki, politikoki eta sozialki onartezina» dela muturreko egoera hori sostengatzea. «Xantaian eta mendekuan oinarritzen ez diren soluzioak nahi ditugu; justizian oinarritutako konponbideak nahi ditugu».

Halaber, ohartarazi dute pandemiaren erdian «are konplikatuagoa» bilakatu dela presoen eta haien senideen arteko harreman afektibo eta familiarra mantentzea. «Espetxeek aurreikusten dituzten neurriak bakartzea eta isolamendua dira kutsatze kasu baten aurrean. Barruan egingo luketen jarraipenaren kudeaketa ezbaian jartzen dugu, eta, ohiko legez, presoak eta senitartekoak dira galtzaileak». Horregatik, eskatu dute izan daitezkeen askatasun bideei oztoporik ez jartzeko eta larriki eri diren presoak berehala askatzeko.

Esnal, Haranburu eta Parot askatzeko bihar Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginen den protestan parte hartzera deitu dute. Bakegileek antolatu dute, 19:00etarako, Luis XIV.aren plazan, 30 urte aski da! lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.