Justizian hizkuntza eskubideak aztertzeko proposamena atzera bota du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, baina kontra egin dute gainerako taldeek. EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketa onartu dute, zeinak Jaurlaritzari eskatzen baitio «aurrera egin dezala justizia euskalduntzeko bidean».

EH Bilduko Eraitz Saez de Egilaz, gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
EH Bilduko Eraitz Saez de Egilaz, gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urriaren 10a
13:30
Entzun

Gaur egun, ezinezkoa da prozedura judizial bat hasi eta buka euskaraz egitea. Aldeetako batek (edo biek) euskaraz egin arren eta, are, epailea euskalduna izanda ere, ezin da bide osoa euskaraz egin. «Justizia administrazioa itogunea da euskararentzat: kalean euskaraz aritzen diren herritarrek erdarara jo behar izaten dute epaitegiko atea zeharkatzen dutenean», laburbildu du Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko eledunak, Eusko Legebiltzarreko gaurko osoko bilkuran. «Traba ugari jartzen zaizkie justizia administrazioan euskara erabili nahi dutenei, eta, kasurik onenetan, euskara itzulpen huts bihurtzen da. Idatzi gabeko araua da prozesu osoa gazteleraz egin behar dela». 

Auzia argitze aldera, legez besteko proposamena aurkeztu du EH Bilduk legebiltzar horretan, egoeraren analisi bat egite aldera. Zehazki, koalizio subiranistak proposatu du Eusko Jaurlaritza premiatzea, propio azter dezan noraino bermatzen diren hizkuntza eskubideak justizia administrazioan. «Analisi sakon bat behar da», esan du Saez de Egilazek. Gainerako indarrek, baina, ez dute proposamena babestu: kontrako botoa eman dute EH Bildu ez beste talde guztiek, eta atzera bota dute proposamena.

Haren ordez, EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztutako osoko zuzenketa onartu du legebiltzarrak. Bi puntuko idazkian, bi alderdiek zera eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: «Aurrera egin dezala justizia euskalduntzeko prozesuan, Justizia Administrazioaren Hizkuntza Normalizaziorako 2023-2032 Plana betez eta herritarrek eta profesionalek zerbitzuak euskaraz erabil ditzaten sustatuz». EH Bilduk eta Sumarrek abstentziora jo dute, eta horri esker onartu dute jeltzaleen eta sozialisten proposamena. EH Bilduko Saez de Egilazek «interesgarritzat» jo du osoko bilkuran sortutako eztabaida, eta adierazi du «adostasunerako bideak» zabaldu daitezkeela zenbait talderekin, justizia administrazioaren alorrean urratsak egite aldera.

EAJren izenean, Markel Aranburu legebiltzarkideak onartu du justizia administrazioa «gainerako erakunde publikoak baino nabarmen atzerago» dagoela euskararen normalizazioari dagokionez, eta bi motibo eman ditu horretarako: «Alde batetik, justizia delako eskumen esparru ezberdinen arteko elkargunea; aginte eremu ezberdinak daude jokoan, eta kanpo eragile ugarik parte hartzen dute. Espainiako Estatuaren meneko funtzionarioek, adibidez, ez dute euskara eskakizunik. Beste alde batetik, Jaurlaritzak 1996an jaso zuen justizia administrazioa kudeatzeko eskuduntza, eta, horren ondorioz, alor hori hizkuntza normalizazio prozesuetatik kanpo egon zen hogei urtez». Hain zuzen, Aranburuk nabarmendu du Eusko Jaurlaritzarentzat «lehentasun» direla euskararen normalizazio politikak, eta urteak daramatzala hizkuntza eskubideak justiziaren alorrean sustatzen.

PSE-EEko Pau Blasik esan du euskarak «izugarrizko jauzia» eman duela administrazioan, eta alderdi sozialistak bere sinadura jarri duela hori ahalbidetu duten akordio guztietan: «Denek ezin dute gauza bera esan». Aitortu du justizia administrazioa «salbuespena» dela, «organo eta eragile ezberdin ugari uztartzen dituelako». PSE-EEko eledunaren irudiko, auzia «oso konplexua da», baina arazoa ez da erakundeen borondate falta: «Eragileak inplikatuta daude».

Sumar taldeko Jon Hernandezek dei egin die gainerako taldeei euskara «arma jaurtigai gisara» ez erabiltzera. Ontzat jo du EH Bilduren proposamenaren helburua, «garrantzitsua baita hizkuntza politikak ebaluatzea: gauza asko egiten dira alor horretan, baina denak ongi ez». Hala ere, kontra bozkatu du bere taldeak. Hernandezek proposatu du ikerketa «are gehiago zabaltzea», administrazioaren alor gehiago hartzeko: «Justizia administrazioa ez da eredu on bat hizkuntza eskubideen bermeari dagokionez, baina azter ditzagun ere Osakidetza edo Ertzaintza, adibidez».

Alderdi Popularraren izenean, Laura Garridok gogor jo du administrazioan ezartzen diren hizkuntza eskakizunen aurka, eta esan du hizkuntza eskubideak bermatzen hasita erdaldunenak bermatu beharko liratekeela: «Lan deialdi publiko batera aurkeztu, eta euskara ez jakiteagatik postua ukatzen dieten horien guztien eskubide linguistikoak bermatzen ote diren, hori aztertu beharko genuke». Legebiltzarkidearen esanetan, abertzaleek «obsesioa» dute euskara «gainbaloratzeko», eta uste du «euskararen inposizio politikak gorabehera, jendeak ez duela euskara eskatzen».

Vox taldeko Amaia Martinezek, azkenik, bere egin ditu CCOOren EAEko idazkari nagusi Loli Garciak aste honetan esanikoak: «Administrazio asko pasatu egin dira, lau buelta eta erdi pasatu ere, euskara exijituz». Talde ultraeskuindarraren ustez, euskara eskakizunena «separatismoak fabrikatutako fake bat» da, «administrazio publikoak are gehiago ideologizatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.