Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak xehatu du 2025erako bere sailaren aurrekontu proposamena. 359,6 milioi kudeatuko dituzte, %5,7ko hazkundearekin. Helburua da espetxeen «euskal eredua bermatzea eta iraganaren inguruko memoria kritikoa bultzatzea». Hiru urte badira Jaurlaritzak espetxe eskumena hartu zuela, eta, kudeaketa hobetzeko, Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritza sortuko duela esan du, «gizarteratze programak indartzeko».
Igoerak atal ugaritan daude. Nabarmenena espetxetako langileen aurrekontua da. IV. akordioan hitzemandako soldata parekatzeaz gain, prestakuntza hobetzea ere badu helburu; besteak beste, berdintasunari lotutako formakuntzak aipatu ditu emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiko langileentzat. Indarkeria matxistari lotuta, Zurekin programa berriz ere martxan jarriko dute, biktima diren emakumeentzat babes neurriak areagotzeko.
Bestetik, doako justizian, %6,4ko igoera izango da. 21,2 milioi euro baino gehiago jarri asmo ditu «egoera ekonomiko eta sozial ahulenean» daudenei justiziarako sarbidea bermatzeko.
Justizia errestauratiboaren bidea urratzen segituko dute, eta atal horrek %20ko igoera izango du, auzitegi barruko bitartekaritza zabaltzeko, delitu arinetarako eta familiarteko bitartekaritzarako.
Auzitegiak erabat erdaldunak dira. San Josek esan du justizia kolektibo guztientzako euskara ikasi ahal izatea bermatuko dela, eta, Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak iragarri moduan, epaiketak euskaraz egiteko bi proiektu pilotu abiatu asmo dituzte.
Presoak gizarteratzeko programak indartzeko asmoa ere erakutsi du, eta hori islatuta egongo da sailaren egituran, handitu egingo baitute. Guztira 50 milioitik gora inbertitu asmo dituzte.
Biktimen fundazioan %18ko igoera
Memoriari dagokionez, bereziki igoko da Terrorismoaren Biktimen Fundaziorako diru laguntza: %18. Igoera justifikatzeko, argudiatu du elkarte guztiak biltzen dituela fundazioak. Polizia abusuen biktimek kalte ordainak jaso ditzaten ere igoko da diru saila. Ez du argitu, ordea, motibazio politikoko biktimen batzordeak joan den astean egindako eskaerari erantzunez, harentzat baliabide gehiago jarriko ote dituzten.
Gogora Memoriaren Institutuak «zentzu berria» hartuko duela esan du. «Biktimek hezitzaile gisa egiten duten lana indartuko dugu». Gogora-n, 2024ko aurrekontuekin alderatuta, jaitsiera izan dela esan du, baina argudiatu du aurreko legealdian inbertsioak aurreikusi zirela eraikinak erosteko, eta sailak ez du aurreikusia inbertsiorik egitea ildo horretan. Esan du Gasteizko memorialerako 250.000 euro aurreikusten dituztela. Ez du La Cumbre jauregia aipatu. Hainbat talde memorialistak egina dute proposamen bat eraikin hori estatuaren biktimen aitortzarako gune bihurtzeko. Inbertsiorik ezean, honako hauetan igoerak egitea proposatu du: jardunaldietan (%200eko igoera), biktimen testigantzen grabazioetan (%100eko igoera), eta frankismoarekin lotuta DNA bankua garatzeko eta zaintzeko lanetan (%42koa).
Justiziaren euskalduntzea
Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak jarraipeneko aurrekontutzat jo du proposamena. Begi onez ikusi du epaile, letratu eta fiskal karrerak egiteko 40 beka proposatu izana, justiziak duen arazo nagusietariko bat «geldotasuna» delakoan. Nolanahi ere, euskaraz treba daitezen eskatu du Egilazek: «Ze pentsatzen dut saioak gazteleraz izango direla».
«Euskal hiztunen eskubideak berma daitezen, pausoak eman behar dira, jauzi bat eman behar da»
ERAITZ SAEZ DE EGILAZ EH Bilduko legebiltzarkidea
«Euskal hiztunen eskubideak berma daitezen pausoak eman behar dira, jauzi bat eman behar da», eta galdetu dio zuzkidura bere horretan geratuta nola bermatuko duen justizia administrazioan hizkuntz eskubideetan aurrera egitea. Erantzunetan, ez dio zehaztasunik eman; borondatea erakutsi dio justizia administrazioan euskararen presentzia bermatzeko.
Bestetik, Gogora-ren zereginari dagokionez, eskatu du gazteak aintzat hartzeko memoriaren eraikuntzan, eta egia guztiak entzuteko.
«Memoria politikoa instrumentalizatu nahi dutenei aurre egin behar diegu»
XABIER BARANDIARAN EAJko legebiltzarkidea
Xabier Barandiaran EAJko legebiltzarkideak babestu egin ditu San Josek aurkeztutako aurrekontuak. Baina uste du iraganaren memoria kritikoa eraikitze aldera ahalegin bat egin beharko litzatekeela gertatutakoaren oinarriaren inguruan ados jartzeko: «Pluraltasun hori oinarrizko egian oinarrituta badago, jauzi bat emango dugu». Azpimarra egin du arlo horretan: «Memoria politikoki instrumentalizatu nahi dutenei aurre egin behar diegu». Halaber, biktima guztiak berdin tratatzeko eskatu du, eta gehitu horrek isla izan beharko lukeela babes ekonomikoan ere.