Indarkeria matxista. Mobilizazioak

Justizia patriarkalaren aurka aterako dira kalera gaur feministak

Manifestazioak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Mugimendu feministak salatu du instituzioek «zalantzan» jarri ohi dutela emakumeen hitza

Eusko Legebiltzarreko leiho bat, atzo. BERRIA.
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta herritarrak kaleak hartzera deitu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Aurten, deialdi bateratua egin dute zazpi lurraldeetan: justizia patriarkalaren aurka egingo dute protesta, eta justizia feminista bat aldarrikatuko dute. Kexatu egin dira instituzioek «zalantzan» jartzen dutela emakumeen hitza. «Hezkidetzan eta kalitatezko politika feministetan sinesten dugu guk», gaineratu dute. Injustizia patriarkalaren gainetik, saretze feminista lelopean egin dituzte deiak Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan, baina hainbat herritan ere mobilizazioak izango dira.

«Justiziak, ustez, babestu egiten gaitu, eta kontra egiten dio indarkeria matxistari; baina, benetan, heteropatriarkala da, eta halako logika bortitz, zapaltzaile eta baztertzaile batzuetan oinarritzen da», adierazi du mugimendu feministak asteon, ohar bidez. Erakundeei eta instituzio publikoei ere mintzatu zaizkie: «Ez dugu diskurtso hutsalik onartuko, ez eta posizionamendu faltsurik eta minutu bateko isilunerik ere, ez baitute ezertarako balio. Krimen matxistak gertatzen direnean, instituzioek arbuiatu egiten dituzte, baina, gero, ez dute behar adinako baliabiderik eskaintzen indarkeria deuseztatzeko».

Justizia sistemaren aurka ez ezik, lan prekaritatearen aurka ere egingo dute gaur kaleetan: soldata arrakala desagerrarazteko ordua dela adierazi dute. «Hau guztia ez da kasualitatea: sistema kapitalista heteropatriarkalari eusteko behar-beharrezkoa den menderakuntza sistema baten emaitza da. Puzzle beraren piezak dira lanaren banaketa sexuala, emakumeek dohainik egiten dituzten lan erreproduktiboen ikusezintasuna, gure gorputzen gaineko kontrola, feminizidioak, zigorgabetasuna». Migratzaileak eta errefuxiatuak ere gogoan izan dituzte: «Bazterkeria handiagoa jasaten dute».

Iparraldean, banatuta

Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaurko Baionan deitutako manifestazioaz aparte, beste mobilizazio esanguratsu bat izan zen atzo, Frantziatik helduta: Nous Toutes mugimenduaren barruan, bortizkeria sexisten aurkako martxa egin zuten, Askatasunaren plazatik abiatuta.

Iaz #MeToo traolaren bidez sare sozialetan oso ezagun egin zen mugimenduaren eraginez sortu da #NousToutes Frantzian. Ipar Euskal Herriko talde feministen artean, baina, banaketa ekarri du: talde batzuek baino ez dute bat egin martxarekin. Eragile abertzaleak kanpoan geratu dira: «Ez dugu geure burua frantziar ikuspegi zentralista oinarri duen proiektu batean kokatu nahi, aldarrikapen feministen kari izanik ere», azaldu dute asteon. Hegoaldeko feministekin «elkarlan estuan» aritzeko asmoa adierazi dute, eta gaurko mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute: «Erasoen kontrako oihua gure lurraldetasunetik eta ipar euskal herritar gisa heda dezagun, Euskal Herri parekidearen alde».

Gazteak, Beldur Barik

Baina azaroaren 25eko mobilizazioak eta aldarriak ez dira soilik gaurko egunera mugatzen. LAB sindikatuak, esaterako, ostiralean egin zuen protesta. Mugimendu feministaren aldarria bere egin eta elkarretaratzeak egin zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetako epaitegien aurrean. «Justiziak ez ditu emakumeen eskubideak bermatzen; sistema kapitalista heteropatriarkalaren adibide da». ELAk, berriz, #YouToo (zu ere bai) izeneko kanpaina abiatu du, gizonak euren jarrera patriarkalen inguruan interpelatzeko.

Atzo hainbat mobilizazio egin zituzten: besteak beste, Portugalete eta Barakaldo artean, eta Tolosan, hango asanblada feministek deituta. Atzo izan zen, halaber, Beldur Barik topaketa, Gasteizen. Emakundek eta Eudelek urtero antolatzen dute lehiaketa hori, indarkeria matxista gaztetxoen artean lantzeko. Tailerrak egin zituzten arratsaldean zehar, eta, amaierako festan, aurtengo lehiaketara aurkeztu diren ikus-entzunezkoen egileak saritu zituzten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoak ere bat egin du gaurko mobilizazioekin. Agiri batean salatu du «emakumeen, neskatoen eta mutikoen aurkako indarkeria matxista». «Eraso bakoitzak erakusten du, zoritxarrez, porrot egiten ari direla indarkeriarik gabeko gizarterantz aurrera egiteko hainbeste ahalegin sozial eta instituzional, eta horrek autokritikazko hausnarketara eraman behar gaitu berriro». Horri aurre egiteko, arartekoak adierazi du«berdintasunaren aldeko politikak» indartu behar direla. Baina instituzioek egin dezaketenaz haratago, norbanakoek zer egin ere badutela nabarmendu du. «Berriz pentsatu behar dugu zer gizarte eredu daukagun, oraindik izugarrikeria hori gertatzen bada».

Eusko Legebiltzarrak ere bat egin du gaurko egunarekin. Gasteizko eraikineko leiho batean lila koloreko puntu bat jarri dute. «Sinbolo hau publikoki erakusteak berarekin dakar emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa», adierazi du legebiltzarrak, agiri batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.