DONOSTIA. Fridays For Future mugimendu ekologistaren ustez, koronabirusaren ondoren «normaltasun berri batera» itzultzeko, «justizia klimatikoa lortzeko ezinbestekoak diren neurriak» hartu behar dira. Hori bideratzeko, klima larrialdiaren inguruko aldarriak hedatzen dituen gazte mugimenduak, Klima Larrialdirako Aliantzak eta 2020 Klimarengatik Matxinatu plataformak mundu mailako hainbat ekinbide egin dituzte sarean azken hiru egunotan. Joan den asteazkenean hasi zen dinamika, Lurraren Eguna zela aprobetxatuz, eta atzo bukatu zen, justizia klimatikoa bultzatzeko neurrien aldeko bideo kanpaina batekin.
«Gaur egun gizartearen eta ingurumenaren degradazioa sortzen duen ekoizpen eta kontsumo eredua luzatzeko ahaleginik ez egiteko beharra ekarri du krisi honek», nabarmendu dute hiru elkarteek ohar batean. Iruditzen zaie «ohartarazpen bat» dela gertatutakoa, eta «bideragarria» izan daitekeen edozein irtenbide «justiziaren irizpideei» jarraituz egin beharko litzatekeela. «Esaldi batean laburbildu daiteke ideia: geldialditik atera gaitezen, eta klimarentzat eta gizartearentzat bidezkoa den modu batean alda dezagun jarduera».
NBE Nazio Batuen Erakundearen Ingurumen Sailak adierazitakoa gogoratu dute: «Ekintza atzeratzeak saihetsezina dena baino ez du atzeratzen». Zientziaren «jarraibideak» eta kolektibo zaurgarrienen «babesa» erdigunean jarri behar direlakoan daude talde horiek.
Justizia klimatikoa aldarrikatu du Fridays For Future-k
Klima larrialdiaren aurkako borrokan ari diren hainbat taldek ekintza dinamika bat egin dute sarean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu