Indarkeria matxistaren kontra nondik, norekin eta nola aritzea komeni den: hori izan dute aztergai gaur Atarrabian (Nafarroa), Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatutako jardunaldian. Ez zoriz. Urteak dira mugimendu feminista zorrotz jartzen ari dela auzitan egungo justizia eredua balekoa ote den indarkeria matxistari aurre egiteko; are, aspaldi du esana justizia sistemak nekez erdiesten duela, esaterako, biktimen erreparazioa bermatzea. Tesi horretan sakondu dute hainbat militantek, Euskal Herrian izandako hainbat prozesuren argi-ilunak izeneko mahai inguruan. Esperientziei tiraka aritu dira, tartea utzirik hala aitortzei nola interpelazioei. Minei ere bai.
Hernaniko (Gipuzka) esperientziak ekarri dituzte sei hizlarietako bik. Izan ere, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako udal langile gisara aritu da Kattalin Artola, eta herriko koordinakunde feministaren ordezkari, berriz, Maitane Barrenetxea. Urteotan ikasitako zenbait lezio plazaratu dituzte biek ala biek.
Artolak aipatu duenak salaketekin du ikustekoa: lanean ari delarik, sarri egokitzen zaio indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakume edo subjektu disidenteekin aritzea; ordea, pertsona horiek ez dute zertan sentitu bizitakoak inon salatzeko premiarik —«edo indarrik, edo gogorik»—, eta, Artolaren esanetan, halakoetan nola jokatu da gakoetako bat. «Ez diegu jartzen baldintzarik, eta, horretaz gain, haien kontraesanekin ulerkor izaten ere ahalegintzen gara beti». Kontatu duenez, Ertzaintzak sarri leporatu die Artolari eta lankideei «delitu zantzuak» ezkutatu izana. Ordea, haiek ez dute damurik batere: «Biktimak nahi eta behar duena aditzen dugu, besterik ez».
Barrenetxeari ere ezagun zaizkio halako akusazioak. «Biktima bati laguntzen eta haren erritmoak errespetatzen ari ginenean, esan ziguten ea erasotzailea babesten ari ginen». Orain dela lauzpabost urte herrian gertatutako kasu baten harira heldu zitzaien kritika hori Hernaniko koordinakunde feministako kideei. Herriko gizon batek eraso egin ziola kontatu zuen emakume batek, eta beste hainbat emakumeren testigantzak ere azaleratu ziren gerora. Herrian izan ziren hainbat erreakzio aipatu ditu Barrenetxeak: «Izan ziren konplizitateak, izan ziren galderak, izan zen morboa; eta izan zen min handia».
Deustuko Modulu Psikosozialeko kide Ane Navarro eta Carmen Garcia ere mintzatu dira mahai inguruan. Garciak «eredu asistentzialistaren» gaineko kritikak plazaratu ditu batik bat, baita zaintzaren garrantzia nabarmendu ere. Navarrok, berriz, diagnostiko hau egin du egungo egoerari erreparatuta: «Ez sistema patriarkal, arrazista eta klasista honek, ez eta sistema horretatik eratorritako instituzioek ere ez dituzte asetzen emakume eta bestelako gorputz minduen beharrak; justizia honen arrimuan, ezin da».
Ez baita soilik matxismoa
Egungo justizia ereduaren izaera arrazista ere kritikatu dute solasaldian. Hain justu, batik bat alderdi horri heldu diote Bizkaiko SOS Arrazakeriako kide Xiomara Caterine Suaza Herrerak eta Omra El Qrich Lamgharik —zehaztu dute jatorri kolonbiarreko migrantea eta Marokotik Euskal Herrira migratutako emakume baten alaba ermuarra direla, hurrenez hurren—. Mahai inguruan, gainerako solaskideek bezala, haiek ere adibideak baliatuta azaleratu dituzte justizia sistemaren gabeziak. Zehazki, Silvia izeneko emakume boliviarraren kasuari tiraka osatu dute hitzaldia. Azaldu dutenez, Silvia Poliziaren torturaren biktima da. Gainera, ustekabean atxilo eramana izan ondoan jasan zuen tortura; polizia bat etxegabe bati jazarri zitzaiola ikusi eta hura defendatzen ahalegindu eta gero. Suazak eta El Qrichek nabarmendu dutenez, bai atxiloketan, bai atxiloaldian eta baita ondoko auzibide osoan ere, bistan gelditu da justizia eta polizia instituzioen arrazismoa.
Xehe esplikatu dituzte biktima horrek jasandako zenbait eraso eta bazterketa. Besteak beste, gogora ekarri dute polizia batek irain arrazistak egin zizkiola hasieratik —Suaza: «Poliziak literalki esan zion itzul zedila bere herrialde madarikatura»—, eta lau ukabilkada eman zizkiola. Horretaz gainera, zehaztu dute Silviari ez zizkiotela bermatu atxilotuek legez dauzkaten eskubideak. «Hori gutxi balitz bezala, Silviak eskatu zuenean torturaren biktimatzat har zezatela, traba mordoa izan zuen Istanbulgo Protokoloa ezarri ahal izateko», erantsi du Suazak.
«Kolektibo feminista zuriei ari natzaie: emakume migranteren batek bizi duen prozesuetan haren akonpainamenduan laguntzeko eskatu dizuegun aldiro, absentzia izugarria izan da; kasik erabatekoa»
XIOMARA C. SUAZA Bizkaiko SOS Arrazakeriako kidea
Eta Silviarena adibide bat baizik ez dela azpimarratu dute hala Suazak nola Qrichek. Bestalde, azaldu dutenez, «emakume migranteen edo arrazializatuen kontrako biolentzia adierazpide mordoa» zerrendatzen ahalko lukete. Adibidez, «infantilizazioa» aipatu du Qrichek. «Askotan gertatzen da zernahi prozesu administratibo edo judizial egitekoa zarenean tuntuna bazina bezala tratatzen zaituztela. Sentitzen dute nahi bezala txoratu zaitzaketela, sentiarazten dizute ez duzula aski autonomiarik; oso mingarria da».
Beste biolentzia kasu edo traba hauek ere aipatu dituzte: gizarte langileen eta abokatuen formakuntza espezializaturik eza, «auzibidean den pertsonaren errugabetasuna etengabe zalantzan jartzeko joera» eta informazio eskasia.
Ohartarazpena egin du Suazak: «Eta horiek justizia sistemaren barreneko trabak dira, kanpoan ere badira, eta, bai, hau zuzeneko interpelazio bat da». Oholtzako solaskideei egin die so aurrena, publikoari begiratu dio gero, eta zera esan: «Kolektibo feminista zuriei ari natzaie: emakume migranteren baten prozesuetan haren akonpainamenduan laguntzeko eskatu dizuegun aldiro, absentzia izugarria izan da; kasik erabatekoa. Eta beste galdera batzuk ere sortzen zaizkigu: zergatik orain? Zergatik deitzen diguzue orain hitzaldiak emateko, ekitaldietarako? Zergatik orain, eta ez lehen?». Isilune txiki bat. Eta publikoaren txaloak, segidan.