1978ko sanferminak

«Justizia geldoa ez da justizia», salatu du Sanferminak 78 Gogoan elkarteak

Lau urte igarota, Iruñeko epaitegian jarritako kereilari buruzko erantzunik ez duela jaso salatu du elkarteak. «Egia, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak» exijitu ditu.

Sanferminak 78 Gogoan elkartearen elkarretaratzea, gaur goizean, Iruñeko epaitegian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Aperribai.
2023ko urtarrilaren 21a
15:28
Entzun

Duela lau urte Sanferminak 78 Gogoan elkarteak eta Iruñeko Peñen Federazioak kereila bat jarri zuten Iruñeko epaitegian, eskatuz berriz zabaltzeko 1978ko sanferminetako gertakariei buruzko sumarioa, 1983an behin-behinean itxitakoa, eta kontuan hartzeko froga eta lekukotza berriak. Epaitegi berean agerraldia egin du gaur elkarteak, eta salatu lau urte hauetan ez dela aurrerabiderik izan auzian. «Erran dezakegun gauza bakarra da aurkeztu genuen egunean bezalako egoeran gaudela: aurkeztu zenetik iragandako denbora luzea izanda ere, ez dugu behin betiko erabakirik izapidea onartua izan den ala ez jakiteko».

Elkarteak ohartarazi duenez, «justizia geldoa ez da justizia», eta horren adibide agerikoa da euren kasua. Horregatik, «babes judizial azkarra eta eraginkorra» aldarrikatu dute gaur goizeko protestan: «1978ko sanferminetan pairatutako indarkeria polizialaren biktimek eskubidea dute justizia egin dakien. Horrek erran nahi du erantzuleak identifikatu behar direla, eta bidezko epaiketa egin behar zaiela». Elkartearen arabera, «egia, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak lortzeko bidea ezin daiteke atzeratu beste egun bat gehiagoz ere».

Are, 1978ko gertakariak auzitara eramatea egungo gizarteari "ordaina" ematea dela uste du elkarteak, «justifikaziorik gabeko erasoarengatik». Halaber, hori da, haren arabera, «zuzenbide estatu bat finkatzeko modua» ere.

Aurtengo uztailean 45 urte beteko dira 1978ko gertakari haietatik. 1978ko uztailaren 8an, gazte batzuek amnistiaren aldeko pankarta bat zabaldu zuten Iruñeko zezen plazan, eta une horretan Espainiako Polizia indarkeria handiz sartu zen bertara. Su armekin tiro egin zuten, eta hainbat lagun zauritu zituzten. Plazatik kanpo ere tiroka jarraitu zuen Poliziak, eta, gauean, German Rodriguez 23 urteko gazte eta LKIko militantea hil zuen. Euskal Herri osoa astindu zuten gertaera haiek. Handik hiru egunera, Donostian izandako protestetan, Joseba Barandiaran Astigarragako gaztea erail zuten poliziek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.