Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak elkarretaratzea eginen du gaur Gasteizko Justizia epaitegiaren aurrean, 11:00etan. Frankismoak eragindako biktimentzat eta haien senideentzat «justizia eta errekonozimendua» eskatuko dute. Prentsaurrekoa egin zuten atzo, eta Espainiako auzitegiek Rodolfo Martin Villa diktadurako ministro ohia epaitzeko eskatu zuten.
Plataformako kideek uste dute Argentinako Errepublikako Epaitegiaren bitartez Servini epailea egiten ari dena «aurrekaririk gabeko zerbait» dela. Besteak beste, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko protestetan edo 1978ko uztailaren 8ko Iruñeko San Ferminetan Espainiako Poliziak egindako hilketen erantzule izateagatik auzipetu dute Villa. Are, Serviniren autoak ikerketan sakontzen jarraitzeko agindu du, eta froga gehiago eskatu ditu Villa beste krimen batzuengatik auzipetzeko.
Testuinguru horretan, Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataforma osatzen duten elkarteetako kideek erakundeei eta gizarteari eskatu diete «eraso frankista guztiek orain arte izan duten inpunitateari eusteko edozein ahalegin ezabatzeko»: «Argentinako Epaitegiak emandako autoa gureganatzeko deia egiten dugu, Espainiako Estatutua zuzenean interpelatuz». Gogorarazi dute instituzioen betebeharra dela «krimen frankistak» ikertzea eta epaitzea. «Argentinako kereila tramitatzen eta Espainiako Auzitegietan kereila kriminalak bultzatzen jarraituko dugu, eta Espainian nagusi den zigorgabetasun eredua salatzen jarraituko dugu».
Horrez gain, 1970ean polizia batek hil zuen Roberto Perez Jauregi omendu zuten, atzo,Eusko Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak. Frankismoaren biktimek egia jakiteko duten eskubidea aldarrikatu zuen Beatriz Artozabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak.
Justizia eskatuko dute frankismoaren biktimek
Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak elkarretaratzea eginen du gaur, Gazteizko epaitegien aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu