Justizia eskatu dute hilketa matxista saiakera baten biktima batentzat

2022ko apirilean, gizon batek su eman zion garai hartako bere bikotekideari, «nahita», eta larri zauritu zuen. Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean egindako agerraldian, feministek erakundeen utzikeria salatu dute.

Doribel babesteko egindako agerraldia, gaur, Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean. BERRIA
Doribel babesteko egindako agerraldia, gaur, Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko maiatzaren 23a
16:25
Entzun

Indarkeria matxistaren biktima batentzako justizia eskatu dute gaur goizean dozena bat emakumek Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean. «2022ko apirilean, Atxurin, Doribelek hilketa matxista saiakera bat jasan zuen», gogoratu dute. Orduko bikotekideak –orain, bikotekide ohia– su eman zion, «nahita». Hilketa, lesio eta kalte delituak leporatu dizkiote gizonari; atzo hasi zen epaiketa, eta bihar amaituko da. «Komunikabideak, talde feministak eta herritar guztiak deitu ditugu, gure kide Doribelek eta haren familiak jasan zuten feminizidio frustratua salatzera», adierazi dute Nikaraguako Feministak taldeko kideek. Nikaraguakoa da Doribel bera ere.

Duela bi urte gertatutako suteak arriskuan jarri zuen Doribelen bizitza. Hain justu, atzoko saioan, Doribelek salatu zuen bikotekide ohiak likido bat bota ziola aurpegian, eta segituan mina sentitu zuela. Ordutik, sei ebakuntza egin dizkiote, eta beste batzuk egin beharko dizkiote aurpegia berregiteko. Entzumena galdu du, eta orbain ugari ditu. Fiskaltzak 29 urteko kartzela zigorra eskatu du bikotekide ohiarentzat, hilketa saiakeragatik.

Doribelen «amesgaiztoa», halere, sutea baino lehen hasi zen: «Lau hilabete lehenago, erasotzaile honekin izandako harremanetan, Doribel manipulatua eta mehatxatua izan zen behin eta berriro». Are, gizonak Doribelen ahizpa bat harrapatu zuen autoarekin, «nahita». Egun, ahizpak osasun arazoak ditu, eta auziaren zain dago. Sutea gertatu baino lehenago, Doribelek bi hegazkin txartel zituen erosiak, alabarentzat eta beretzat. «Bikotekidearengandik aldendu nahi zuen, Nikaraguara joateko. Zoritxarrez, ez zen joan, erasotzaileak haren bizitzaren aurka egin baitzuen».

Atzo baieztatu ahal izan zutenez, ez zen lehenengo aldia gizonak bikotekidearekin «indarkeria fisikoa eta psikologikoa» erabiltzen zuena. «Hau ez da kasu bakan bat, jokabide errepikakor bat baizik». Hain zuzen, zehaztu zuten akusatuaren azkeneko lau bikotekideek harekin harremana eten zutela «tratu txarrengatik» eta «etengabeko jazarpenarengatik». Andre horietatik hiru migratzaileak ziren.

Emakumeek argi utzi dute auzi horretan «froga sendoak» daudela, eta erasotzailearen estrategia dela Doribeli «ospea kentzea jatorriagatik, zaurgarritasun emozionaleko egoeragatik eta prekaritate ekonomikoarengatik». Norma Vazquez psikologo feministak erantsi du biktimari leporatu nahi izan diotela «bizi izandakoa berak eragin izana»: «Kritikatu eta seinalatu egin dute; ospitalera iristeko arrazoia bere portaera izan balitz bezala».

«Elkartasuna ez da nahikoa; emakume horiek biktimak dira, eta biktimek eskubideak dituzte».

NORMA VAZQUEZPsikologo feminista

Doribelek ondorio «asko» eta «larriak» pairatu ditu, Vazquezen arabera. «Erredurez gain, ondorio psikologikoak ere izan ditu. Besteak beste, harentzat gogorra da jakitea ahizpa gaizki dagoela istripuarengatik, eta oraindik errehabilitazioa behar duela». Hori ikusita, feministek argi utzi dute ez dutela onartuko emakumeen bizitzarekin jolasten jarraitzea, eta erasotzailearentzat «zigorrik handiena» eskatu dute.

Migratzaileen ondorioak, gordinagoak

Bestalde, Doribelentzat eta haren senideentzat «merezi duten arreta eta erantzun instituzionala» exijitu dute feministek. Izan ere, indarkeria matxista «diskriminazio» mota bat dela gogoratu dute, «emakumeen eta nesken eskubideen eta askatasunaren kontra doana». Are, ondorioak areagotu egiten dira indarkeria hori «egiturazko arrazakeriarekin» eta «lurraldean bizi diren emakume migratzaileek bizi duten errealitate gordinarekin» gurutzatzen denean.

Kritikatu dutenez, «feminizidio saiakeraren» ostean, Doribelek eta haren senideek ez zuten erakundeen babesik izan. Besteak beste, Doribel ospitaleko ZIUan egon zenean, bikotekidearen aurkako bi salaketa jartzen saiatu ziren, baina Zabalburuko Ertzaintzaren komisarian ez zieten kasurik egin. Horrez gain, alaba adingabearen zaintza kendu zioten Doribeli: «Erasoa bizi izan eta ikusi arren, ez zituzten kontuan hartu horrek eragin zitzakeen kalte psikologikoak; ongizate emozionala zaindu beharrean, hura zaintzeko prest zegoen familia saretik kendu zuten».

Haien iritziz, egoera horrek islatzen du erakundeak ez direla egokitzen «Euskal Herrian bizi diren emakume migratzaileen errealitate partikularretara». Hain zuzen, gogorarazi dute erakundeek koordinatzeko betebeharra dutela indarkeria matxistako kasuetan, indarkeria bikarioaren biktimei ere babes osoa emateko eta prozesu osoan zehar laguntza emateko. «Hori ez dute bete», azpimarratu dute. Are, Doribelek eta senideek jaso duten babes bakarra feministek eman diete. «Baina elkartasuna ez da nahikoa; emakume horiek biktimak dira, eta biktimek eskubideak dituzte», esan du Vazquezek.

Doribel «biktima zuzena» izan arren, gehiago ere egon zira, Vazquezek gogoratu duenez: «Alaba, autoarekin harrapatutako ahizpa, Nikaraguatik Doribel zaintzera etorritako beste ahizpa, Nikaraguan utzitako seme-alabak». Vazquezek kritikatu duenez, laguntzarik ez eskaintzeko, erakunde askok arrazoi gisa erabili dute emakumeak erroldatuta ez egotea edota Euskal Herrian denbora gutxi eramatea. Hartara, argi utzi du borrokan jarraituko dutela, epailearen ebazpena edozein dela ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.