Justizia Errestauratiboko Zerbitzua indartuko du lege berriak Nafarroan

PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k alde bozkatu dute, eta EH Bildu eta Ezkerra abstenitu dira. Gatazkak konpontzeko bitartekaritza sustatuko da, lan arloan izan ezik. Indarkeria matxista kanpoan utzi da

Santos Justizia kontseilaria, Geroa Baiko Blanca Regulez eta EH Bilduko Arantxa Izurdiaga. IÑAKI PORTO / PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gatazken gehiegizko judizializazioa saihesteko asmoz, Nafarroan justizia errestauratiboa eta bitartekaritza bultzatzeko legea onartu zuten atzo parlamentuan. Gobernuak bultzatutako lege proiektua izanik, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k alde bozkatu zuten; Navarra Sumak kontrako botoa eman zuen, eta EH Bilduren eta Ezkerraren abstentzioari esker atera zen aurrera. «Ikuspegi errestauratiboa eta bitartekaritza justizia demokratikoago baten zutarriak dira, eta pertsonen beharrei hobeto erantzuten die. Legeak aintzat hartu ditu Europako eta estatuko tresna aurreratuenak», nabarmendu zuen Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariak.

Legeak prozedura luzea behar izan du. Lehenik, lantalde berezi bat osatu zen gaia aztertzeko parlamentuan. Bertan bitartekaritzan zein justizia errestauratiboan aritzen diren eragileek eta adituek eginiko ekarpenak gobernuaren lege proiektuan jaso ziren; irailean aurkeztu zuen. Ordutik, egitasmoa eztabaidatu dute taldeek: aurkeztutako 54 zuzenketetatik 27 onartu dira; tartean, talde guztienak. Santosen arabera, «prozesu luze, zorrotz eta konplexua izan da».

Justizia errestauratiboa eta bitartekaritza arautzeko eta baliabideak antolatzeko oinarriak jartzen ditu legeak. Nafarroak justizia administrazioaren gaineko eskumena duenez, legea aplikatzea Nafarroako Gobernuaren esku egongo da: urtebete izango du horretarako. Santosen arabera, ez dute ezer asmatu: «Funtsean, testu osoa estatuko legedi barruan kokatzen da, eta, harago, Europako legediari so dago».

2021etik abian

Berez, Santosen departamenduak 2021ean sortu zuen Justizia Errestauratiboko Zerbitzua —lehenagotik, izen bereko zerbitzua du Eusko Jaurlaritzak—, eta orain arteko lan guztiari norabide argi bat eman eman dio legeak.

Haren arabera, epaitegiek hala zehaztutako zigor arloko auzietan, biktimen erreparaziorako prozesuak bere gain har ditzake zerbitzu horrek. Alta, indarkeria matxistako kasuak hortik kanpo geratuko dira. Gainera, posible den kasuetan, delitu bat jasan duen edonork eska dezake zerbitzua jasotzea. Behin zerbitzua abian denean, biktimen babeserako eta erreparaziorako mekanismoak jasoko ditu, eta arduradunek erantzukizuna bere gain modu aktiboan hartzeko jarrera erakutsi beharko dute. Besteak beste, pertsona horien gizarteratzea izango du helburu.

Prozesuak «akordio bidezkoa, posiblea eta neurrizkoa» bilatuko du, eta hor sar daitezke biktimen eta egileen arteko topaketak, erreparazio eta kalte ordainak, zerbitzu prestaketak, tratamenduak, barkamen eskeak... Hori errazteko, adituek parte har dezakete, eta erakunde judizialen txosten batekin amaituko da. Gerora, txosten hori betetzen dela zainduko du zerbitzuak.

Zigor arlotik at, gatazkak konpontzeko borondatezko bitartekaritza sustatuko da. Jarduera hori kalitate berme batzuekin egin dadin, Nafarroako Bitartekaritza Erregistroa sortuko da. Bertan izena ematen duten norbanakoek eta erakundeek kode etiko bat bete beharko dute, eta prestakuntza bat jaso. Bitartekaritza doakoa izateko bermeak emango dira, halaber, nahikoa diru sarrerarik ez dutenentzat.

Lan arloko auziak bitartekaritzaren esparrutik at geratu dira. Eztabaidatu diren gai nagusietako bat izan da. Geroa Baiko Esther Korresek Santosi aurpegiratu dio ez duela «nahiko adorerik» izan kanpoan CCOO eta UGTren eta gobernu barruan PSNren presioa saihesteko. Dena den, Korresen ustez, hitzez hitz ez denez esaten, lan arloa baztertuta geratzen da, eta uste du modua egon daitekeela bazterketa hori saihesteko. PSNko Virginia Magdalenok esan du lan arloko bitartekaritza «gizarte elkarrizketaren zeregina» dela. EH Bilduko Arantxa Izurdiagak azaldu du ez dela abstenitu legearen edukiagatik, «bazterrean utzi nahi izan den horregatik baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.