Roldan Jimenok justiziari egin dio so azken solasaldian. Iruñean hartu zuen hitza atzo, Demokraziarako Epaileak elkarteko kideen kongresuan. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta historialariak 1936ko altxamenduarekin batera justizia administrazioaren aurka hasi zen errepresioa jorratu zuen. Argi erran zuen: «Justiziaren gaineko kontrola erabatekoa izan zen, lehendabiziko unetik».
Zehazki, garaiko Iruñeko Lurralde Auzitegian gertatu zena aztertu zuen Jimenok atzo. Auzitegi horrek Nafarroa eta Gipuzkoa hartzen zituen. Iruñeko Justizia Jauregiko artxiboan aritu da agiriak eta paperak arakatzen, azkenaldian, NUPeko irakaslea. Ondorioak mahai gainean jarri zituen atzo, entzule izan zituen epaileen aurrean: nabarmendu zuen 1936. urtean bertan justiziaren arloko funtzionarioak «purgatzeko» prozesua hasi zutela, lanean jarraituko zutenak Francoren aldekoak zirela ziurtatzeko.
Hainbat dekreturen eta aginduren bitartez ezarri zuen frankismoak bere kontrola justiziaren arloko langileen artean. Bai eta Nafarroan ere. «Nafarroa frankismoarekiko leialtzat hartu izan da, herrialde osoak altxamenduarekin bat egin izan balu bezala», adierazi zuen Jimenok, baina datuek errepresioarekin lotutako errealitatea islatzen dutela erantsi zuen. Izan ere, gerra fronterik izan ez bazen ere, 3.444 pertsona hil zituzten 1936ko gerraren ondorioz. Gehienak, gainera, fusilatuta.
Hildako udal epaileak ekarri zituen atzo gogora NUPeko historialariak. Gero bake epaile bilakatu zirenak izan ziren udal epaileak. «Herritarrekin harreman estua zuten, eta, ondorioz, ezagunagoak eta agerikoagoak ziren haien konpromiso politikoak». Sartagudako, Corellako eta Esa-Xabierko udal epaileak fusilatu zituztela azaldu zuen Jimenok, bai eta Fitero eta Murchanteko epaitegietako idazkariak ere. Purgek, gainera, hogei udal epaile inguru justizia administraziotik kanpo utzi zituzten.
Iruñeko Lurralde Auzitegiko bertze bi epaileren kasuak ere aipatu zituen Roldan Jimenok solasaldian. Bat, Natalio Cayuela. Auzitegi horretako epaile eta idazkari izan zen. «Mola generalaren kolpea gelditzen saiatu zen, baina ezin izan zuen deus egin. Epailea eta haren anaia fusilatu egin zituzten, 1936ko abuztuaren 23an, Bardean», azaldu zuen historialariak. Bertzea, Luis Elio. Emaztearen eta hiru alaben aurrean atxilotu zuten, baina familia dirudunekoa zenez, ez zuten fusilatu. «Lagun karlista baten etxean ezkutatu, eta erbestera joan zen gero. Familia erabat hautsi egin zen».
Hausturarik ez
Frankismoak ezarritako kontrolak izan zuen emaitzarik: «Funtzionario leialek osatzen zuten justizia. Frankismoaren azken garaian baino ez zen batasun hori apurtzen hasi. 1970eko hamarkadako bigarren zatian justiziaren arloko funtzionario gazteenak frankismoaren amaieraren zain ziren. Demokraziarako Epaileak elkarteko kide historikoez ari naiz», erran zuen Jimenok.
Trantsizioa ailegatu zenean, hala ere, hausturarik ez zela izan nabarmendu zuen NUPeko irakasleak hitzaldian. «Frankismoaren purga gainditu zuten epaileek, fiskalek eta bertzelako funtzionarioek haien lanpostuetan jarraitu zuten».
«Botere Judizialaren Lege Organikoak ere ez zuen ekarri egiazko bukaera», gaineratu zuen Jimenok. «Hor dago Espainian nagusi den justizia egiteko modua. Lan handia egin behar izan du Demokraziarako Epaileak elkarteak, 1984. urtetik, eta lan handia duzue oraindik egiteko».
Justizia ere, diktadorearen kontrolpean
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta historialari Roldan Jimenok hitzaldia eman du Iruñean, Demokraziarako Epaileak elkarteko kideek antolatutako kongresuaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu