Frantziako Asanblean bake konferentzia humanitarioa antolatu eta urtebetera, Euskal Herriko bake prozesua laguntzeko jurista talde baten sorrera iragarri du Bake Bideak. Serge Portelli, Versaillesko Dei Auzitegiko presidentea, Philippe Texier Frantziako Kasazio Auzitegiko magistratu ohia eta Xantiana Cachenault eta Maritxu Paulus Basurko abokatuek osatu dute lantaldearen nukleoa, eta, orain, Frantziako eta Ipar Euskal Herriko juristak parte hartzera bultzatu nahi dituzte.
Anaiz Funosas Bake Bidea mugimenduko presidentearen hitzetan, Parisko bake konferentzia «arrakastatsua» izan zen, eta erakutsi zuen Euskal Herritik at ere badela gatazkaren konponbidean lagundu nahi duen jendea. Sektore anitzetako 110 pertsonak izenpetu zuten manifestua aurkeztu zuten Parisen, ETAri desarmatzea bururaino eramateko eta Espainiari eta Frantziari bake prozesuan inplikatzeko eskatzen ziena —armagabetzean laguntzeko, presoen askatze prozesua hasteko, eta biktima guziak aitortzeko eskatu zieten, besteak beste—. Konferentziaren ondorengo gogoeten eraginez osatu da jurista batzordea. «Ikusten zen bake prozesu honen garapenerako funtsezkoa zela legearen barnean gogoeta bat bultzatzea, presoen etxeratze prozesuan lehen pausoak emateko. Denak kontziente ginen bake juristen inplikazioa behar dugula prozesu honen garapen osoan, presoen gaitik justizia trantsizionalera, hausnartzeko, eraikitzeko eta sortzeko», adierazi du Funosasek.
Hiru helburu nagusi izanen ditu juristen batzordeak. Alde batetik, magistratuak kontzientziatzea Euskal Herriko bake prozesua kontuan har dezaten, eta, bestetik, lan juridikoa egitea presoen oinarrizko eskubideak errespeta daitezen. «Gaur egun, epaitegietan ez dute kontuan hartzen Euskal Herriko testuinguru politikoa», deitoratu du Xantiana Cachenault abokatuak. Azkenik, gatazkaren konponbidean aitzina egiteko tresna berriak asmatzea ere izanen da batzordearen helburua. «Gure arma zuzenbidea da; Frantziako, Europako eta nazioarteko zuzenbidea. Jurista ezberdinen ekarpena behar dugu gure gogoetak aberasteko eta antolatuko ditugun ekintzei babesa emateko», adierazi du Cachenaultek.
Ekainaren 10 eta 11rako jardunaldiak antolatu dituzte Baionako Abokatu Etxean, bake prozesuaren egoera aztertu eta perspektibak lantzeko; Ipar Euskal Herriko jurista guziei bidali diete gomita.
Isabelle Duguet abokatuen elkargoko buruaren iritziz «logikoa eta naturala» da Ipar Euskal Herriko abokatu elkargoa bake prozesuaz gogoetatzeko mobilizatzea. «Jurista gehienek ez dute sekula pentsatu zer egin dezaketen bake prozesuaren alde. Batzuek pentsa lezakete horrelako jardunaldi bat euskal mugimendu militanteak antolatua dela, euskal gatazka lantzen duten abokatuentzat soilik dela. Nik uste dut denak hunkitzen gaituen gai bat dela; horregatik proposatu nuen abokatu elkargoa izatea antolatzaile eta Abokatuen Etxean egitea». Prozesua aitzinatzeko proposamen zehatzak ateratzea espero du.
Ekainaren 10ean bilkura publikoa izanen da, 19:00etan. Portelli eta Funosasekin batera, Louis Joinet Kasazio Auzitegiko magistratuak parte hartuko du. Ekainaren 11n, mintegi itxia eginen dute.
Jurista talde bat osatu dute Euskal Herriko bake prozesuaren alde
Ipar Euskal Herriko eta Frantziako juristak bildu nahi ditu Bake Bideak. Ekainaren 10 eta 11n jardunaldiak egingo dituzte Baionan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu