Julen Atxurra euskal presoak buruko isuri bat izan du

Maiatzaren 13an izan zuen ezbeharra, Puerto I kartzelan zegoela, eta berriro espetxean dago, osatze lanetan. «Urruntzea eta salbuespena» salatu ditu Etxerat elkarteak

Maider Galardi F. Agirre - Enekoitz Esnaola
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Julen Atxurra Egurrola euskal presoak hilaren 13an buruko isuri bat izan zuen, Puerto I kartzelan (Cadiz, Espainia) zegoela, eta osatze lanetan da orain. Etxerat elkarteak ohar batean esan du isuriak gorputzaren ezkerreko aldeari erasan diola; gehienbat, belaunari eta oinari, baita eskuko hatzei ere. Atxurra (Lekeitio, Bizkaia, 61 urte) espetxetik Puerto Realeko Unibertsitate ospitalera eraman zuten, eta orduan eman zieten ezbeharraren berri senideei. Joan den ostegunean, presoa berriro kartzelara eraman zuten, eta handik etxera deitu zuen.

Baimen bat jaso ondoren, familiak joan den larunbatean 40 minutuko bisita egin ahal izan zion. Etxerat-en oharrak dakarrenez, haiek esan dute kartzelako erizaintzan dagoela, «gogo-aldarte onarekin», eta «bere indar fisiko eta mentalari esker, gehien kalteturiko gorputzeko guneetan sentsazioak berreskuratzen» hasi dela.

Egoeraren larritasuna salatu du Etxerat-ek. Atxurrak 24 urte daramatza preso; beti, Euskal Herritik urrun eta lehen graduan. Puerto I kartzela, adibidez, Euskal Herritik mila kilometro pasatxora dago. COVID-19ak eragindako ziurgabetasuna ere nabarmendu du elkarteak: «Senideek albiste txar hori jaso izateaz gain, haien ezintasuna gehitu behar da, ezin baitute zuzenean harremanetan jarri. Kezka handiagoa sortzen du egoerak ezjakintasunagatik eta ospitaleratzea presazkoa izateagatik. Orain, ospitaletik espetxera itzuli ondoren, presoak berrogeialdiari aurre egin beharko dio, dagoen egoeran». Hori da, Etxerat-en esanetan, «espetxearen, urruntzearen eta salbuespenaren eguneroko errealitatea».

Parisi eta Madrili eskaerak

Euskal presoak «etxean eta bizirik» nahi dituela aldarrikatu du elkarteak. «Julen Atxurrarena, presaz amaitu behar den errealitate baten adierazgarri garbia da. Gaur egun, gaixotasun larriak dituzten hamazazpi euskal preso ditugu; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorakoak hamabi eta 60tik gorakoak 24; Espainiako Estatuan kartzelan dauden presoen %80 etxetik 400 eta 1.000 kilometrora daude, eta estatuko 200 presoetatik 158, aurreneko graduan. Horregatik guztiagatik, jasanezina da ehunka familik espetxeratze salbuespenari, sufrimenduari eta kostu handiari eustea».

Atxurra eta gainerako euskal presoak «lehenbailehen» Euskal Herriko kartzeletara ekartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta Frantziakoari eta biei, gaixotasun larriak eta 65 urtetik gora dituzten presoak askatzeko. Sortuk ere txio batean adierazi du egoera «jasanezina» dela, eta Atxurra etxeratzeko eskatu du. AEMk elkartasuna adierazi dio presoari eta haren sendiari.

1996ko uztailean atxilotu zuten Atxurra , Pauetik (Okzitania) gertu, ETArekin lotuta. Parisek 2006an Espainiaratu egin zuen.

Etxerat-ek eta Sare herritar plataformak gaur agerraldi bat egingo dute, Donostian, espetxeetatako «muturreko» egoeren berri eman eta datorren asteburuan mobilizatzera dei egiteko, Sarek prentsa deialdi batean jakinarazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.