Julen Arzuagak iragarri du politikaren lehen lerroa utziko duela. Hiru legealdi egin ditu Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren ordezkari gisa —laugarrena du hau—, hamabi urte denera, baina ibilbide hori etetea erabaki du orain, lan kontuengatik. X sare sozialean eman du erabakiaren berri Arzuagak berak.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du beste lan ibilbide bati ekingo diola aurrerantzean: «Hamabi urteren ostean, eta EH Bilduren Kongresua begi bistan, nire ardurak uzteko garaia heldu zela pentsatzen nuen. Dena apur bat aurreratu zait, baina». Izan ere, Durangaldeko Urkiola agentzian (Bizkaia) kudeatzaile aritzeko hautatu dute Arzuaga, eta adierazi du aukera baliatu nahi duela. Hain justu, Berrizko Udalean (Bizkaia) tokiko garapenerako teknikari ari zen lana utzi eta politikarako urratsa egitea erabaki zuenean, 2012an.
Orduan eratu zen EH Bildu koalizio gisa, eta alderdiak lehen aldiz Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu zuenetik jardun du bertan Arzuagak. Eba Blanco eta Rebeka Uberarekin batera, Arzuaga zen koalizio subiranistaren hasierako taldetik jarraitzen zuten hiru ordezkarietako bat. Hamabi urte egin ditu EH Bilduren ordezkari gisa legebiltzarrean: «Ziklo oso bat nire bizitzan eta herri honen bizitzan», adierazi du. EH Bilduren Askatasun Demokratikoen idazkaria ere izan da ordutik.
Arzuaga abokatua da ikasketaz, eta giza eskubideen gaian aditua. Hain justu ere, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren sortzaileetako bat izan zen. Erakunde horrek helburu du giza eskubideen urraketen biktimei egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea bermatzea eta halakorik berriz ez gertatzeko oinarriak ezartzea.
Bereziki euskal gatazkari eta segurtasunari lotutako alorretan jardun du Arzuagak: presoak, biktimak, polizia eredua... «Gai delikatuak eta proiekzio mediatiko handikoak hartu ditut neure gain, askotan eragin pertsonal nabarmena izan dutenak», aitortu du legebiltzarkideak. Baina, halaber, nabarmendu egin ditu urte hauetan guzietan alor horietan egindako urratsak: «Asko geratzen da egiteko, noski, baina orain dela hamabi urte baino dezente hobeto gaude. Pentsatu nahiko nuke nire ale txikia jarri dudala ibilbide horretan aurrerapausoak egon daitezen».
Arzuagak eskerrak eman dizkie legebiltzarrean harekin jardun duten guztiei. Eta nabarmendu du aurrerantzean ere justiziaren, memoriaren eta bizikidetzaren alde lan egingo duela, «militante xume» gisa bada ere.