Bihar zortzi Altsasun (Nafarroa) egitekoak diren Ospa Eguna debeka dezaten, izapideak hasi ditu Jucil Guardia Zibilarentzako Justiziarako Elkarte Profesionala. Eskaera hori egin die Espainiako Barne Ministerioari eta Espainiako Fiskaltzari eta Nafarroako Arartekoari.
Elkarteak gutun bana igorri die, eta, horren bidez, proposatu die beharrezkoak diren neurri administratibo eta judizialak hartzeko egun hori egin ez dezaten. Jucilen Nafarroako idazkari Cesar Antolinezen esanetan, «gorroto delitua» dago Ospa Egunaren atzean, haren xedea delako «Guardia Zibila umiliatzea, jazartzea eta erasotzea». Halaber, Nafarroako zenbait puntutan Guardia Zibilak «ia egunero eraso bidegabeak» pairatzen dituela nabarmendu du Jucilek, ohar batean.
Ez dirudi, ordea, Altsasuko kolektibo zaurgarria Guardia Zibila delako sentipena dutenik bertako herritarrek. Izan ere, aste honetan bertan agerraldi bat egin dute bertako zenbait herritarrek, Isunen Kontrako Taldearen izenean, eta Guardia Zibilaren aldetik jasaten ari diren «jazarpena eta erasoaldi errepresiboa» salatu dituzte. «Erasoaldi» hori isunen bidez ari da egiten Guardia Zibila, euren esanetan. Hala, azken bi hilabeteetan hamar isun baino gehiago jaso dituztela azaldu dute: «Aurretik genituenak gehituta, azken bi urteetakoak 30.000 eurora iristen dira». Askotariko arrazoiengatik jaso dituzte isunok; «biolentzia matxista salatzeagatik», «Ikasle Abertzaleen mobilizazioetan egondako atxiloketak salatzeagatik» eta «haur eskoletako grebalariekin elkartasun argazki bat ateratzeagatik», besteak beste.
Isun horien muina «instituzioetatik kanpo antolatzeko ezintasuna eta oinarrizko askatasun politikoen ukapena» dira, Isunen Kontrako Taldearen arabera: «Militantzia politikoa ekidin nahi dute, militanteen biziraupen materiala kolokan jarriz». Horren kontra antolatzeko dei egin du taldeak, eta haren ekinaldietan parte hartzeko. Ospa Egunean parte hartzeko gonbita ere egin zuen.
Egun osoko egitaraua antolatu dute irailaren 3rako. Polizia ereduari buruzko mahai ingurua izango dute goizean. Eguerdian, bazkaria egingo dute, eta, ondoren, manifestazioa. Kontzertuekin amaituko dute eguna, gaztetxean.