Mende laurdena bete du Juantxo Agirre Mauleon (Tolosa, 1965) arkeologoak Aranzadi zientzia elkartearen zuzendaritzan. Horrez gain, Arriaundi aztarnategiko (Larunbe, Nafarroa) zuzendari zein Amaiurko (Amaiur, Nafarroa) aztarnategiko zuzendari kide da, eta gertutik jarraitu ditu Irulegiko eskuaren eta Larunbeko aldarearen aurkikuntzak. Historia pasioz bizi duenaren zehaztasunez hizpide izan ditu urteotako ibilbidea, azkenaldiko aurkikuntza arkeologikoak eta elkartearen nondik norakoak eta erronkak.
Nolakoa da Aranzadiko idazkari nagusiaren egunerokoa?
Aranzadiko idazkari nagusiak ikuspegi osoa izan behar du, bai elkarteari, bai euskal gizarteari dagokionean. Zentzu horretan, lehen betebeharra da gaurkotasunaren gainean egotea. Horrez gain, hemen administrazio bulego bat dago, eta horiekin beti elkarlan estua behar da: proiektuak nola doazen...
Oso garrantzitsua da, baita ere, departamendu ezberdinetako ikerlariek dituzten gogoei kasu egitea eta bidean laguntzea. Barne lan horiez aparte, erakunde publiko guztiekin harreman instituzionalak mantentzea ere beste egiteko bat da. Eta, aipatutakoez gain, oro har, arazoen konpontzailea izatea [barrez].
Zein dira zailtasun nagusiak?
Zailtasun handienetako bat da jendearekin lan egitea. Hemen guztiak dira goi mailako tituludunak, aditu dira denean, eta beraiekin lan egin behar da. Gaitasuna izan behar da gauzak bideratzeko, edo ulertzen ez diren neurriak ulertarazteko.