Bizkaiko EAJk badu hautagaia Bilboko alkatetzarako: Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. BERRIAk baieztatu ahal izan duenez, hura proposatu dute hautagai gisa Bizkaiko Buru Batzarrak eta Bilboko Uri Batzarrak, 2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan Bizkaiko hiriburuko alkategai izateko. Dena den, oraindik ez da ofiziala hautagaitza, urriaren 7an hasiko baitu EAJk bere hautagaiak erabakitzeko prozesua, eta azaroaren 25ean egingo dituzte ofizial izendapenak. Bitartean, hautagai gehiago aurkez ditzakete alderdikideek, eta haiek izango dute azken hitza proposamena berresteko. Aurreko legealdian, Iñaki Azkuna zenak gehiengo osoz irabazi zituen bozak Bilbon, eta, hura hilda, Ibon Aresok hartu zuen kargua.
Zuzenbidean lizentziatua da Aburto (Bilbo, 1961). Bizkaiko Aldundiaren bozeramaile izan zen sailburu izan aurretik, baita Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatu ere. 1990eko hamarkadaren amaieran iritsi zen Bizkaiko Aldundira, Funtzio Publikoko zuzendari. Aurretik, Eusko Jaurlaritzan, Juan Mari Atutxa Barne sailburuaren taldean izandakoa da.
Ugarte ez da aurkeztuko
EH Bildun ere badira mugimenduak. Martin Garitano ez da berriz aurkeztuko Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko, eta Larraitz Ugarte bozeramaileak ere baztertu egin zuen aukera hori atzo. Hala egin zuen Helena Francok ere. BERRIAk jakin ahal izan duenez, Xabier Olano da indarra hartzen ari den hautagaia.
Juan Maria Aburto proposatu du BBBk Bilboko alkate izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu