Juan Mari Uriarte hil da, Donostiako gotzain izandakoa

Loiolako prozesuan elkarrizketa politikoaren «bideratzaile» izan zen, eta Zurichen izan zen Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioetan.

JUAN MARI URIARTE
Juan Mari Uriarte, duela bi urte Bizkaiko Hitzari eskainitako elkarrizketan. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
joxerra senar
2024ko otsailaren 17a
14:40
Entzun

90 urterekin hil da Juan Mari Uriarte, Donostiako gotzain eta Bilboko apezpiku laguntzaile izandakoa. Joan den igandean iktus bat izan zuen, eta orduz gero Basurtuko ospitalean zegoen. Han hil da, Fernando Prado Donostiako gaur egungo gotzainak jakinarazi duenez. Hileta elizkizuna astelehenean izango da, 17:00etan, Bilbon, Begoñako Basilikan.

Loiolako prozesuan elkarrizketa politikoaren «bideratzaile» izan zen, eta Zurichen izan zen Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioetan.

«Fedea bizkortzea eta bakea sortzea, edo bakea sortzen laguntzea, izan dira nire bi helburu nagusiak». Duela bi urte, Bilboko Elizbarrutiak Carmelo Etxenagusia aitormen saria eman zion Uriarteri, eta, atzerako begirada egiterakoan, halaxe laburbildu zuen bere jarduna, elizbarrutiak berak egindako elkarrizketan.

1933an sortu zen, Fruizen (Bizkaia), eta oso gazterik lotu zitzaion Eliza katolikoari. Aitortu izan zuenez, ikasle zelarik, batxilergoko azken urteetan hausnarrean ibili zen «ea abade izatea» izango ote zen bere bidea. Bilboko Seminarioan hasi zituen ikasketak, eta 24 urterekin egin zen presbitero. «Egia esan, seminarioan sartu eta ez dut eduki ezelango zalantzarik neure bokazioa dela eta».

Lehen urte horietan, lotura estua izan zuen Bilboko Apaiztegiarekin, eta ez zituen eten bere ikasketak. 1963an, Teologian lizentziatu zen Comillasko unibertsitatean (Espainia), eta hamar urte geroago, 1974an, Psikologia ikasketak egin zituen Lovainako unibertsitatean (Belgika). Psikologia irakatsi zuen Salamancako eta Deustuko unibertsitateetan. 1974tik 1977ra bitartean Bilboko Apaiztegiko errektore izan zen.

Ordutik aurrera, Elizaren barruan ardura postu handiagoak izan zituen. Añoveros gotzainari laguntzeko eskariz, Bilboko apezpiku laguntzaile izendatu zuen Paulo VI.a aita santuak, eta 1991ra arte estu erlazionaturik egon zen Bilboko elizbarrutiarekin. Handik Gaztelara joan zen, Zamorako gotzain gisa (Espainia).

Bilerak Burgosen eta Veveyn

Zamorako elizbarrutiko ardura nagusia izanik, deitu egin zuten Lizarrako prozesuan elkarrizketa politikoen bitartekari lanak egiteko. Uriarteren arabera, «bitartekari baino gehiago, bideratzaile» izan zen. 1998ko abenduan lehen bilera antolatu zen sekretupean, Juarrosko herrixkan, Burgosen (Espainia), Herri Batasuneko kideen eta Espainiako Gobernuaren artean. HBren ordezkari gisa izan ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Iñigo Iruin eta Pernando Barrena, Halaber, han izan ziren Jose Maria Aznar garai hartako gobernuburuaren eta Jaime Mayor Oreja barne ministroaren konfiantzazko hiru gizon: Pedro Arriola, Ricardo Marti Fluxa eta Javier Zarzalejos. 

Hilabete batzuk geroago, 1999ko maiatzaren 9an, Uriarte Suitzara joan zen Espainiako Gobernuko hiru kide horiekin. Berak baino ez zituen bileraren inguruko irizpideak. Bilkura hotel batean egin zen, Veveyen, ETAko Mikel Albisu eta Belen Gonzalezekin. ETAk gerora kaleratutako aktetan jaso zenez, topaketa haren garrantzia azpimarratu zien bi aldeei, hitzaurrean, eta esan elkarrizketak beti hasierako aurreikuspenak gainditu ohi zituela. Amaieran, berriz, hurrengo bilerara begira, adierazi zien haietako bakoitzaren zer neurrik erraztu zitzaketen irtenbideak, eta horretaranzko baldintzei buruz gogoeta egitera bultzatu.

«Nire iritziz, ETAren arduradunak ez ziren oraindik guztiak bakearen aldeko. Espainiako Gobernuaren barruan ere bazeuden elkarrizketaren aurka sutsu jokatzen zutenak. Goizegi zen zuhaitzetik sagar helduak jasotzeko» JUAN MARI URIARTEDonostiako gotzain ohia

Ez zen beste bilerarik egon. Prozesuak porrot egin zuen, eta 1999ko udazkenean ETAk su etena hautsi zuen. Uriartek adierazi zuen alde batekoen artean [Espainiako Gobernua] «malgutasun falta» ikusi zuela, eta besteen artean «maximalismoa eta pazientziarik eza». Adierazpen horri buruz galdetuta, honako hau erantzun zuen 2022an, Bizkaiko Hitza-ri eta BERRIAri eskainitako azken elkarrizketan. «Gordin zegoen garai hartan konponbide batera heltzeko bidea. Nire iritziz, ETAren arduradunak ez ziren oraindik guztiak bakearen aldeko. Espainiako Gobernuaren barruan ere bazeuden elkarrizketaren aurka sutsu jokatzen zutenak. Goizegi zen zuhaitzetik sagar helduak jasotzeko».

Gotzain urteak

Beste zeregin garrantzitsu baterako deitu zuen Elizak 2000 hasieran; Ia 21 urtez Donostiako gotzain izan zen Jose Maria Setien ordezkatzeko, alegia. Esparru ez-abertzaleetan eta Espainiako komunikabideetan oso gotzain kritikatua zen Setien, eta Madrilgo gobernuak, adibidez, txalotu egin zuen Uriarteren izendapena. Alta, elizbarrutiko buruzagi goren gisa egindako hamar urteetan, Setienen ildoari jarraitu zion, baina tratuan berezko estilo diferentea ezarri zuen, «giza ukitu handiagoa eta goxoagoa» zuena. 

Bitartekari funtzioa atzean utzita ere, Donostiako gotzain gisa bakegintza izan zuen ardatzetako bat, bere adierazpenek eta idatziek islatzen duten legez. 2002ko maiatzean, kasurako. Gasteizko eta Bilboko gotzainekin batera Bakea prestatu pastorala kaleratu zuen. Hamar puntuko idatzi batean, ETAren indarkeria desagertu behar zela azpimarratzen zuten gotzainek, hari aurre egiteko obligazio morala zegoela, baina segurtasunaren mesedetan giza eskubideak urratzeko arriskuaz ohartarazten zuten, eta inori ezin zitzaiola torturarik ezarri. Kezka agertu zuten, Alderdi Legearen eztabaidaren garaietan legez kanporatzeek bizikidetzarako «ondorio ilunak» ekar zitzaketelakoan.

2006ko martxoan ETAk su etena deklaratu zuenean ere, bere zereginaren barruan zegoen «guztia egiteko» prest agertu zen, Espainiako Artzapezpikuen Konferentziak garai hartan zioenarenaren kontra. Izan ere, Espainiako Elizaren garai hartako buruek irizpidetzat zeukaten «terrorismoa amaitzeko» batasun politikoa eskatzea, eta esaten zuten «terroristak» ezin zirela solaskide politiko izan, besteak beste. Alta, Uriartek garai hartan aldarrikatzen zuen «bakea lortzeko konpondu behar diren arazoak» ez zirela amaitzen ETA desagertzearekin, eta egoera gatazkatsuek «herrien eskubideak behar bezala errespetatzen ez direlako» irauten zutela.

Halaber, berriro ere prozesu hark huts eginda ere, jarraitu zuen aldarrikatzen bakea lortzeko «ezinbesteko tresna» zela elkarrizketa, baita «sufrimendu guztiak» aintzat hartu behar zirela ere. Adibidez, Eguberrietako bere sermoietako batean, min guztiak aintzat hartu beharra ekarri zuen gogora, bai «hilketa negargarrien eta lotsagarrien biktima direnena», bai eta «etxekoren bat preso daukatelako 'hator, hator, mutil, etxera' kantatzean dardarka eztarrian korapiloa nabariko dutenena» ere. BERRIAn aitortu zuenez, bakegintzan egindako lanak izan zuen ondorio txarrik beretzat. Batzuk publikoki, besteak itzalean: «Bakea lortzen laguntzeko egindako lanagatik zaplada itzelak jaso ditut prentsaren eta beste jende askoren aldetik. Askok arerio legez ikusi ninduten. Erromara gutunak bidali zituzten».

75 urterekin, agurra

75 urte bete eta hilabete gutxira, 2008 amaieran, Vatikanora gutun bat igorri zuen karguari uko egiten ziola iragartzeko. Urtebete gehiago egin zuen gotzain gisa, harik eta Vatikanoak Jose Ignacio Munilla izendatu arte. Izendapenak polemika eragin zuen, eta agurrean Uriartek onartu zuen elizbarrutia «zaurituta» geratu zela.

Ondorengo urteetan hainbat sari jaso zituen. Tartean, kasurako, Sabino Arana fundazioarena, 2013an. Urkulluren lehen agintaldian, giza eskubideen urraketei buruzko azterketa egin zuen aditu taldean izan zen Uriarte. Azken saria Bilboko elizbarrutiak eman zion, 2022an, bere ibilbidea aitortzeko.

Dolumin mezuak

Uriarteren heriotzarekin atsekabea agertu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Sare sozialetan idatzi duen mezuan azpimarratu du eliz gizon eta pertsona «ona» zela, «fededun zintzoa», eta «beti gertu eta prestu» zegoela behar gehien zutenei laguntzeko, «herriaren alde» egiteko, bakea eta bizikidetza lortzeko, giza eskubideak bermatzeko eta gizarte «justuago bat» eraikitzeko. «Pertsona ikasia bezain apala.
Niretzat, gainera, lagun mina eta erreferente ordezkaezina. Maisu bat», idatzi du Urkulluk. Berak egindako ibilbideari jarraipena emateko moduko pertsona zela gaineratu du.

Lehendakariak gogoratu du «oparoak» izan zirela haren bizitza eta ekarpena. «Bere pentsaera eta borondatea beti Euskadirentzat eta euskal gizartearentzat onena bilatzera bideratu zuen». Doluminak eta «besarkarik estuena» eman dizkie haren senide, lagun eta adiskide guztiei.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere dolumin mezua idatzi du sare sozialetan. Uriartek bakerako eginiko «lan nekaezinagatik» eskerrak eman dizkio Otegik.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ere Uriarteren lorratza goretsi du: «Gizon ona, jakintza handikoa. Biolentzia eta gorrotoaren aurrean, haren hitzek eta ekintzek itxaropena pizten zuten, gure herrian elkarrizketa, giza eskubideak eta bakea gailentzea beti jomugan».

Bide beretik joan dira Andoni Ortuzar EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidentearen hitzak. Gizon «ona» izan zela eta bakearen eta adiskidetzaren alde lan egin zuela nabarmendu du.  Halaber, indarkeria zikloa atzean uzteko lan isila eta eraginkorra egin zuela goretsi du.  «Zero kilometroko euskalduna» izan zen, Ortuzarrek sare sozialetan idatzi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.