Maixabel Lasa. Juan Mari Jauregiren alarguna

«Juan Mari ezagutu zutenentzat zaila da gertatu zena ulertzea»

Gaur hogei urte beteko dira ETAk Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohi eta PSEko kidea tiroz hil zuela. Xume oroituko dute, lagunartean. Haren zabaltasuna gogoratu du Lasa alargunak.

JON URBE / @FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Legorreta
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Juan Mari Jauregiren (1951-2000)ibilbide «paraleloa» egin duela dio Maixabel Lasak (Legorreta, Gipuzkoa, 1951). 2000ko uztailaren 29an hil zioten senarra, baina aurretik eta ondoren ere sutsu aritu da sinesten duenaren defentsan. PSE-EEko militantea izan da urtarrilean utzi zuen arte: «Obligatuta». 2001etik 2012ra Eusko Jaurlaritzaren biktimen bulegoko zuzendari aritu zen, alde bateko zein bertzeko biktimekin. «Harro» dago egindako lanaz.

Hilketaren urteurren berezia izanen da aurtengoa: hogei urte.

Urte berezia da, hasteko, bizi dugun egoeragatik, COVID-19a dela eta. Deserosotasuna sortu du, eta neurriak hartu beharra.

Ekitaldirik eginen duzue?

2010etik hona, lagunak eta ezagunak bakarrik elkartzen gara: ez da deialdi instituzionala, baizik eta gurea. Hori erabaki genuen Jaurlaritzan, ni bertan nengoela, 2010ean: azaroak 10 izango zela biktima guztiak oroitzeko eguna. Denena: ez bakarrik ETAren biktimena. Ordutik, gure kabuz egiten dugu eguna eta gogoratzen gara Juan Mariz. Baina zenbait ekitaldi egiten ditugu: bat Legorretan, haren omenezko eskultura baten ondoan, eta bestea Burnigurutzetan. Aurten ere egingo ditugu, baina askoz ere murriztuago: jende gutxiago etorriko da, egoeragatik. Instituzionalki, Gipuzkoako Batzar Nagusietara ere joango gara, baina hori ere murriztua izango da. Bazkaria ere egiten genuen ekitaldien ondoren, baina aurten ez dugu egingo. Niri ez zait iruditzen momentua: jendea arriskuan jartzea da.

Nola oroitzen duzu Juan Mari hil zuteneko momentua?

Gogorra. Ze, nahiz eta pentsatu—bagenekien Juan Mari zela ETAren helburu bat—, ez zenuen uste behin ere horrelakorik gertatuko zenik. Juan Mariren ibilbidea ezagutu zutenentzat oso zaila da gertatu zena ulertzea.

Zergatik?

Juan Mari izan zen gizon bat denekin hitz egiten zuena: ez zeukan inongo mugarik, ideologia batekoa edo bestekoa izan. Gustatzen zitzaion jendearekin hitz egitea, eta, gainera, gobernadore karguan egon zen urte horiek [1994-1996] oso inportanteak izan ziren harentzat. Bazekien zer zama zekarren kargu horrek atzetik, baina saiatu zen bere lana ondo eta zintzo egiten. Noski, egin zuen lana ETAren komandoak atxilotzen, logikoa den bezala. Baina haren bulegoa beti izan zen denentzat irekia: norbait etortzen bazitzaion esanez bere senide bat atxilotuta egon zela eta zigortu zutela, saiatzen zen ikertzen eta neurriak hartzen.

Zer egin zuen, adibidez?

Gobernadore zibilaren kargua hartu eta egin zituen lehenengo gauzetako bat Antiguan zegoen Guardia Zibilaren komandantziako kalabozoak ixtea izan zen. Pentsa ezazu zer kondiziotan egongo ziren! Eta, gobernadore izendatu zutenean, haren lehenengo diskurtsoak euskaraz izan ziren: oso gauza atipikoa. Legegintzaldi erdian sartu zen, aurretik zegoen gobernadorea kargugabetu ondoren, eta asmoa zuen Intxaurrondon zeuden gauza arraroak eta itsusiak astintzeko.

Torturak?

Bai, hori da. Haren apustua izan zen [Espainiako] Auzitegi Nazionalean testigantza ematea [Enrique Rodriguez] Galindori esateko: «Aizu, gauzak gaizki egin dituzu, eta ordaindu behar dituzu egin dituzun astakeriak». Gu, garai hartan, Lasa eta Zabalaren hezurrak agertu zirenean, Cumbren bizi ginen, 1995ean. Zubiak dokumentalean argi ikusten da hori, poliziak kontatzen duenean Juan Marik tranpa bat jarri ziola Galindori telefono bidez. Nolabait, harrapatu zuten bera zela horko... [Isilune bat egin du]. Juan Mari Txilen bizi zen orduan, eta epaiketara etorri zen. Oso ondo gogoratzen naiz etxera etorri zenekoaz: oso harro zetorren, bazekielako bere testigantzak balio izan zuela hori argitzeko. Eta, gainera, senide bat inguratu zitzaion eskerrak ematera. Bat-batean, horrela esan zigun niri eta alabari: «Ez dakit nork hilko nauen: Galindok edo ETAk».

Giza eskubideen alde borrokatu zen pertsona bat izan zen betidanik, kontuan eduki gabe zein zen giza eskubide horiengatik sufritzen zuena. Kontua da giza eskubideak errespetatu egin behar direla, eta giza eskubide horien arau handiena bizitza da. Bizitza errespetatu egin behar da: inork ez dauka inongo eskubiderik beste bati bizitza kentzeko.

Aipatu izan duzu bere izaera horregatik hil zutela.

Niretzat, argi dago. Juan Mari beti zegoen zubiak eraikitzen: haren intentzioa zen ahalik eta azkarren konpontzea hemengo egoera. Nik uste dut gatazka guztiak konpontzen direla hitz eginez.

Zuk hitz egin izan duzu Juan Mariren hilketaren arduradun izandako bi etakiderekin. Zergatik?

Bai Juan Marik eta bai nik egin dugu politikoki ibilbide nahiko paraleloa. Ni ez nintzen sekula ETAn egon, bera bai, baina hor inguruan garai hartan zeuden organismo eta taldeetan, ni hor banengoen. Honekin esan nahi dizudana da nik betidanik pentsatu izan dudala denok dugula eskubidea bigarren aukera baterako.

Luis Carrascorekin 2011n egon nintzen, Langraizen —garai hartan bizkartzainarekin nenbilen—, eta gero 2014an egon nintzen Ibon Etxezarretarekin. Topaketa horiek bertan behera geratu ziren PPk irabazi zituenean hauteskundeak, 2011n. Pena izan zen, eta nik behin baino gehiagotan aldarrikatu dut ez zela gaizki egongo lan horrekin segitzea.

Ikusiz bai Ibonek eta bai Luisek ibilbide pertsonal bat egin zutela, hau da, autokritika bat eginez... Eurek ez dute inolako zalantzarik berriro aukera edukiko balute ez liratekeela sekula santan horretan sartuko. Eta haiek garbi esaten dute egindakoak eta gertatu zenak ez zuela sekula gertatu behar. Ez dut uste hain zaila denik hori ulertzea. Adibidez, ezker abertzalean-edo buru moduan ikusten den [Arnaldo] Otegiri, zenbat kostatzen zaio esatea? Ez da zuk egin zenuena, baizik eta zuk hori babestu egin duzu, txalotu egin duzu... Baina gaizki zegoen, eta nola gaizki zegoen, esan egin behar duzu. Eta hori ez da ona niretzat bakarrik; uste dut ona dela datozen gazteen aurrean: ona izango litzateke hausnarketa hori egitea, dagokionak. Hor goian daudenek esatea egindakoa ez zela ondo egon. Zertarako, gainera? Ezertarako ez. Ze Juan Mari hil zuten, eta? Zer gertatzen da? Zer lortu du ETAk Juan Mari hilda? Zer lortu du gizarteak? Ezertxo ere ez.

Eta beste aldeak?

Gauza bera diot estatuak egin dituen abusuez: gauza bera eskatzen diot alderdi sozialistari. Eta hori ona izango litzateke denontzat, orri hori pasatzeko beste aldera. Ze ez dut uste egokia denik zama hori datozenei uztea. Datozenek zer gertatu den irakurri behar dute, berriro gerta ez dadin. Penagarria litzateke hemendik urte batzuetara honi berriro bueltak ematen hastea: orain da momentua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.