Zuzenbide Fakultateko irakasle titular eta Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreorde Juan Jose Etxeberria (Tolosa, Gipuzkoa, 1966) Deustuko Unibertsitateko errektore izendatu dute. Jose Maria Guiberten lekua hartuko du, horrek bere hirugarren eta azken agintaldia bukatu ondoren. Guibert irakasleak Boston Collegeko Gasson Chair postua beteko du 2023-2024ko ikasturtean.
Errektore berriaren kargu hartzearen eguna laster jakinaraziko dute. Etxeberria 1984an sartu zen Jesusen Lagundian, eta 1995ean apaiztu zen. Bere prestakuntza akademikoa Deustuko Unibertsitatean, Parisko Institutu Katolikoan eta Erromako Gregoriotar Unibertsitatean egin zuen. Azken unibertsitate horretan Zuzenbide Kanonikoan doktoratu zen.
Gaur egun, Zuzenbide Fakultateko irakasle titularra da, non Zuzenbidearen Filosofia irakasten duen. «Loiolako Probintziako jesuiten probintziala izan zen, 2008tik 2014ra, Espainiako probintzia jesuita desberdinak bakar batean bateratu ziren arte», Deustuko Unibertsitateak jakinarazi duenez. «Aurretik, Zuzenbide Fakultateko dekanorde eta Izaera eta Misioko errektoreorde izan zen».
2015az geroztik, Etxeberriak Deustuko Unibertsitatean hainbat kargu izan ditu Unibertsitate Elkarteko errektoreorde gisa. Era berean, zuzenbide naturalaren eta zuzenbide kanonikoaren irakasgaiak eman ditu Deustuko Unibertsitatean, «eta eliz elkarteen zuzenbidea Erromako Unibertsitate Gregoriotarrean, eta adiskidetze sakramentuaren zuzenbidea Parisko Sevres zentroan».
Jarduera akademikoarekin batera, «jesuita gazteen formakuntzaz eta hainbat pastoraltza jardueraz arduratu izan da, akonpainamendu pertsonalaren eta ignaziotar espiritualtasunaren ingurukoak batez ere». Boluntario gisa lan egin izan du hainbat gizarte proiektutan, Parisen, Erroman eta Bilbon.
Etxeberria irakasleak Zuzenbide Kanonikoan eta Zuzenbidearen Filosofian argitalpenak ditu, «eta bereziki nabarmentzekoak dira bizi testamentuei, eliz mugimenduei, eta gizarte testuinguru berrietan laikotasunaren eta konfesionaltasunaren ikuspegi juridikoari buruzko bere ekarpenak», Destuko Unibertsitatearen arabera. Jorratu izan dituen beste gai batzuk dira «ignaziotar espiritualtasuna, Espainiako jesuiten probintzien integrazio prozesua eta Elizako unibertsitateen ebanjelizatzeko erronka». Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta italieraz hitz egiten du.