Juan Carlos Iglesias presoa absolbitu dute, Atristainen doktrina ezarrita

Auzitegi Nazionalak ebatzi du prozedura judizialean ez dagoela aipamenik Iglesiasen «deklarazioak zer baldintzatan egin diren aztertu ahal izateko». Gogor mintzatu da inkomunikazio erregimenaz

Juan Carlos Iglesias Chouzas, joan den martxoan, Auzitegi Nazionalean eginiko epaiketan. EMILIO NARANJO / EFE.
jon olano
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi du Juan Carlos Iglesias Chouzas euskal presoa absolbitu duela 1991ko hilketa batetik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Xabier Atristainen auziarekin sortutako jurisprudentzia baliatuta. Epaian, Auzitegi Nazionaleko Bigarren Sekzioko magistratuek gogora ekarri dute Estrasburgok urtarrilean emandako epaiaren edukia: alegia, Atristainen kasuan, inkomunikazio aldian abokatu bat izendatzeko eskubidea murriztu zitzaiola horretarako beharrezko motiborik eman gabe, eta eskubide murrizketa hori «arrazoitze orokorretan» oinarritu zela, «eta ez auziaren balorazio indibidual eta partikularretan».

Auzitegi Nazionaleko magistratuen hitzetan, Estrasburgoko auzitegiak ebatzi du Giza Eskubideen Europako Itunaren 6.1 eta 6.3 artikuluak urratu ote diren argitzeko aztertu beharra dagoela ea ezinbesteko arrazoirik egon ote den konfiantzazko abokatua izendatzeko eskubidea murrizteko. Orain Auzitegi Nazionalak emandako epaian, magistratuek diote Iglesiasen auzian ez direla jasotzen «deklarazioak hartu ziren baldintzen nahikoa erregistro, ezta horiekin batera zekarren berme sistemarena ere».

Epaileen arabera, «inkomunikatuta egon zirela froga nahikoa dago, baina ez dago ez ebazpen judizialik, ezta inkomunikazioa luzatzeko aginduetan jasotako arrazoibide juridikoei buruzko aipamen nahikorik ere». Are gehiago, azaldu dute prozeduran ez dagoela «aipamenik ere deklarazioak zer baldintzatan egin diren aztertu ahal izateko ezinbesteko diren beste alderdi batzuen erreferentziarik», eta adibide gisa jarri dituzte auzitegiko espediente medikoak, «zeinak, jakin batzuk izan ezik, ez diren sumarioan islatzen».

Beraz, magistratuek ondorioztatu dute ez dutela nahikoa arrazoirik jakiteko zergatik eduki zuten Iglesias inkomunikatuta, «bere konfiantzazko abokatuek defendatzeko aukerarik izan gabe, eta haiekin komunikatu ahal izan gabe; ez galdeketan, ez lehenago, ezta ondoren ere».

«Kontroletik kanpo»

Estrasburgoko epaia aipatzeaz harago, ordea, Jose Ricardo de Prada epaileak idatzitako ebazpena gogorra da inkomunikazio erregimenarekin; besteak beste, jaso du atxilotua egoera «zaurgarrian» uzten duela eta «zalantzarik gabeko arriskua» dagoela atxilotuari tratu txarrak, mehatxuak eta torturak egiteko. Are, nazioarteko erakunde ugarik inkomunikazioari eginiko kritikak jasotzen ditu, erantsita erregimen horrek «atxilotuaren oinarrizko eskubideak edozein kontroletik kanpo murrizteko espazio objektiboa sortzen» duela.

1991ko urtarrilean ETAk Bilbon hildako guardia zibil baten hilketarengatik epaitu zuten Iglesias martxoan, eta 40 urteko zigorra eskatu zuten harentzat. Beste zigor batzuk betetzen ari da Dueñasko kartzelan, Euskal Herritik 310 kilometrora.

Sententzian beste elementu garrantzitsu bat ere aipatu dute: lekukoen testigantzen balorazioa. Epaileen arabera, Raul Angel Fuentes, Jon Mirena San Pedro, Jesus Maria Mendinueta eta Jose Manuel Fernandez de Nanclaresen lekukotzei erreparatuta soilik erabil daiteke epaiketan esandakoa, eta horiek ezin dira «sumarioko aurretiazko beste froga batzuekin osatu, [lekukotza horiek] ez direlako lortu nahikoa bermerekin».

Estrasburgoko auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen Espainiak Atristainen eskubideak urratu zituela eta prozesu «justu eta ekitatezko bat» izatea eragotzi ziotela. Epaia irmoa da harrezkero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.