PSE-EE

Juan Carlos Alonso izango da ildo berritzailearen hautagaia Arabako PSE-EEren kongresuan

Arabako PSE-EEren Ildo berritzaileak arratsean hauteskunde primarioak egin ditu, igandean egingo den kongresurako idazkari nagusigaia aukeratzeko. Gasteizko Udaleko zinegotzi Juan Carlos Alonso aukeratu dute. Sektore ofizialak ez du oraindik hautagaia aurkeztu, baina ia ziurrenera egungo idazkari nagusi Txarli Prieto izango da.

Koldo Aldabe.
2013ko otsailaren 15a
20:36
Entzun

Arabako PSE-EEko sektore berritzaileko aurpegi ezagunena izango da igande honetako kongresuan bere ildokoen hautagaia lurralde horretako sozialisten idazkari nagusi izateko. Horrela ebatzi dute gaur arratsean, hautagaia izendatzeko egin dituzten hauteskunde primarioetan. Alonsok bertaratatutakoen botoen %90 jaso ditu.

Batzarraren aurrean egindako hitzaldian, Alonsok bost konpromiso hitz eman ditu. Lehena Arabako PSE-EEren "balioetan oinarritutako eraberritzea" agindu du: "zintzotasuna", "zorroztasuna", "gardentasuna", "eztabaida" eta "parte-hartzea" izango dira balio horiek. Bigarren konpromisoa "sozialismo berdea", "fiskalitate berria" eta "gizarte eredu solidarioa" defenditzea izango da. Hirugarrena, berriz, "alderdia berritzea": "Alderdia prestatu behar dugu beste pertsona batzuk etor daitezen (oraindik etorriko direla ere ez dakitenak) eta haiek alderdia altxa, gaztetu eta modernizatu dezaten", esan du.

Hautagaiak beste bi konpromiso aipatu ditu, bere "uztatik" atereak: Idazkari nagusi hautatzen badute soilik idazkari nagusi izango dela, ez duela kargu publikorik beteko; eta idazkari nagusi hautatzen badute gehiago izango dela "idazkari" eta gutxiago "nagusi".

Prietoren erabakiaren zain

Sektore ofizialak ez du oraindik bere hautagaia izendatu. Ohikoa da PSE-EEren lurralde kongresuetan, ia azken unera arte hautagaiak ez aurkeztea. Baina ia ziurtzat jo daiteke egungo idazkari nagusi Txarli Prietok hautagaitza aurkeztuko duela. 

Kongresuan parte hartuko duten ordezkarietatik 59 sektore ofizilaren ingurukoak dira, eta 33 sektore berritzailekoak.

Araban eta Bizkaian ere lurralde kongresuak egin behar dituzte asteburu honetan. Haietan, ordea, lasaiagoak izango dira, Araban ez bezala ez baitago zatiketarik. Jose Antonio Pastorrek eta Iñaki Arriolak errepikatu egingo dute karguetan, Bizkaian eta Gipuzkoan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.