Juan Carlos Alduntzin: «Mezularia kendu arren, mezuak hor jarraituko du»

Gaur eztabaidatuko dute Ingurumen diputatuaren aurkako mozioa Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Martin Garitano ahaldun nagusia eta Bilduko zenbait alkate, atzo, diputazioan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Gaur eztabaidatuko dute, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurka EAJk, PSE-EEk eta PPk jarritako zentsura mozioa. Horren inguruan, mezu garbia igorri zuen atzo Ingurumen diputatuak Infozazpi Irratian: «Mezularia kendu arren, mezuak hor jarraituko du».

Era berean, Alduntzinen esanetan, bere aurka zentsura mozioa aurkeztu duten alderdiek foru gobernua «higatzea» dute xede, eta, datorren urtean egingo diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira, EH Bildu koalizioaren «izena zikindu» nahi dute.

Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko Bilduk aurkeztutako planaren inguruan ere hitz egin du Alduntzinek: «Malgua da, hurrengo urteei begira erabaki propioak hartzeko aukera emango duelako, eta zaborra biltzeko sistemek hurrengo urteetan edukiko duten bilakaera aztertzeko modua emango duelako».

Bilduk gaikako bilketaren aldeko apustua egin du bere planean. Alduntzinek atez ateko sistema defendatu du, hori lortzeko: «Europan atez ateko bilketa egiten duten sistemek dituzte emaitzarik onenak; herritarren esku hartzea eskatzen dutenek, hain zuzen».

Oposizioko alderdiek defendatzen duten plana, errauste planta barruan duena, «malgutasunik gabekoa» dela adierazi du Alduntzinek: «Errauste plantak etengabeko hondakin jario bat behar du, zabor biltze eta birziklatze tasak hobetzea galarazten duena».

Alduntzini elkartasuna adierazteko eta errauste plantaren kontra egiteko, Bilduko hainbat alkate Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin bildu ziren atzo. Eskatu dute errauste planta ez eraikitzeko asmoa mantentzeko, eta ohartarazi dute ez dutela errauste planta eraikitzea finantzatuko.

Garitanok alkateei esan die Gipuzkoako Foru Aldundia ez dela «udalen eskumenen gainetik» jarriko; bere eginbeharra udalei laguntzea dela ohartarazi du. Alde horretatik, adierazi du «beharrezkoa» dela gehiengo ezberdinak ados jartzea hondakinen kudeaketaren inguruan.

«Irakurketa okerra»

Gaur bozkatuko dute Alduntzinen aurkako zentsura mozioa. EAJk, PSE-EEk eta PPk defendatu dute, baina soilik batek edukiko du mozioa babesteko dituen arrazoiak azaltzeko aukera.

EAJko batzarkide taldeko bozeramaileak, Markel Olanok, salatu du Bilduk araudiaren «irakurketa okerra» egin duela, hiru alderdiek ezingo dituztelako azaldu arrazoiak. PSE-EEk eta PPk bat egin dute Olanorekin.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Lohizune Txarolaren ustez, berriz, «hiru talde ados jarri badira mozioa aurkezteko, defentsa bakarra egiteko ere ados jarri beharko lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.