Lurralde Antolaketa eta Hiri Agendako sailburuorde izendatuko dute Ermuko (Bizkaia) alkate Juan Carlos Abascal, eta hura Beatriz Gamiz alderdikideak ordezkatuko du udalean. Abascal 2018tik da Ermuko alkate. Hain zuzen, hark ere legealdia hasita hartu zuen alkatetza, Carlos Totorika ordezkatuz. Orain, Miguel Angel Paezen lekua hartuko du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailean.
Pedro Marco Garraio eta Azpiegitura sailburuordea Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileko presidente izendatu zuen Espainiako Gobernuak aurreko astean, eta horrek fitxak mugitzera behartu du PSE-EE, haren hutsunea betetzeko. Hain zuzen, Lurralde Antolaketa eta Hiri Agendako sailburuordetza utzi eta Marco ordezkatuko du Miguel Angel Paezek, eta, era berean, Abascalek ordezkatuko du Paez bera. Hala, Denis Itxaso sailburuaren lantaldeko bi sailburuordeak alkate ohiak izango dira; Ermuko Abascal eta Eibarko (Gipuzkoa) Miguel de los Toyos.
Mugimendu sorta horren eragina Ermuko Udalean nabarituko da, eta, horri konponbidea topatzeko, PSE-EEk Portugaleteko (Bizkaia) eta Irungo (Gipuzkoa) formula bera erabili du. Hain zuzen, behin legealdia hasita utzi zuten bi udalerri horietako alkateek ere euren kargua. Mikel Torresek Portugaletetik Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde kargura egin zuen jauzi, eta Jose Antonio Santanok Irundik Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu Idazkaritzara.
Hiru kasuetan, jada udal gobernuetan zeuden emakumeen alde egin dute sozialistek. Ermuan, Beatriz Gamizek hartuko du udalaren gidaritza. Gamiz lehen alkateordea da gaur egun.