Norabide aldaketa EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egin dituzte errektoretzarako hauteskundeak, eta Joxerra Bengoetxeak irabazi ditu; beraz, bera izango da unibertsitate publikoko errektorea datozen sei urteetan. Garaipen argia izan da: sektore guztietan nagusi izan da Bengoetxea.
Bazegoen jakin-mina; ezer ezin zen segurutzat jo. Azken hamasei urteetan lehenengo aldiz bi hautagai aritu dira EHUko lemazain izateko lehian: Bengoetxea bera eta Eva Ferreira —orain arte errektore izandakoa—; 2012ko, 2016ko eta 2020ko bozetan, errektoregai bakarra egon zen. Kanpaina nahasia izan da; Bengoetxearen taldeak Ferreirarenari egotzi izan dio eztabaida publikoetarako zailtasunak jartzea, eta Ferreiraren taldeko errektoreorde eta hautagai Guillermo Quindosek dimisioa eman zuen, Bengoetxearen taldea iraintzeko troll kontu bat sortzeagatik.
Azkenean, aise irabazi du Bengoetxeak: berarentzat izan da boto haztatuaren %63,63; aldiz, Ferreirak eskuratu du boto haztatuaren %36.37. Sektore guztietan izan da Bengoetxea nagusi. Ikasleen artean jaso du babesik zabalena: hautetsontzietara joan diren estudianteen %76k egin dute bere alde. Kontuan hartu behar da, halere, EHUko bozetan botoa haztatua dela; ikasleen botoak %22,08ko pisua du.
Pisurik handiena lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen botoak du, %56,25ekoa, eta bereziki garrantzitsua zen ikustea sektore horrek nor babestuko zuen. Haien artean, botoen erdiak izan dira Bengoetxearentzat. Gainerako kategorietan ere, nagusi izan da: Tekazel kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako teknikarien artean, botoen %64 jaso du—beraien botoak %12,08ko pisua du—; lotura iraunkorra duten irakasle ez-doktoreen edo lotura iraunkorrik ez duten irakasle eta ikertzaile doktoreen artean, %63koa —%8 dagokie—; eta beste irakasle eta ikertzaileen artean, %65ek egin du bere alde —talde horretakoen botoak %1,59 balio du—.
Parte hartzea historikoki baxua izan ohi da EHUko hauteskundeetan. Gaur, ordea, historikoa izan da: botoa eman zezaketenen %21,9 joan dira hautetsontzietara; azken hauteskundeetan, %7,7koa izan zen parte hartzea. Parte hartzerik handiena lotura iraunkorra duten irakasle doktoreek izan dute: %83k eman dute botoa. Bada nabarmentzeko alderdirik: esaterako, bereziki igo da ikasleen parte hartzea: %2,1ekoa izan zen azken bozetan; orain, %14koa izan da.
Ez dago alderaketa zuzenik egiterik 2020ko hauteskundeekin, hautagai bakarra baitzegoen: Eva Ferreira bera. Baina ideia bat egiteko: boto haztatuaren %66 izan zen berarentzat. Batez ere, ikasleen eta lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen artean jaso zuen babesa; hurrenez hurren, botoen %71,4 eta %65,5.
Balorazio gazigozoa
Emaitzen berri emateko, agerraldia egitekoak ziren 20:30 aldera; azkenean baina, 21:00ak jota egin dute. Elkarren ondoan egon dira EHUko idazkari Aitor Zurimendi eta bi hautagaiak, Bengoetxea eta Ferreira. Ostean, adierazpenak egin dituzte.
Ferreira hasi da. Zorionak eman dizkio irabazleari, Bengoetxeari eta bere taldeari. Kanpaina «bizia» izan dela onartu du, eta, hori bukatuta, gaur unibertsitateko komunitateak hitz egin duela. Eskerrak eman dizkio unibertsitateko komunitate osoari, baita kanpainan zehar ondoan izan dituenei ere: taldekideei, familiari... Orain, «ikastea eta aurrera egitea» geratzen zaiola adierazi du, eta prest agertu da Bengoetxearen taldeari trantsizio egiten laguntzeko.
Txanponaren beste aldea Bengoetxearena izan da. Txalo artean hartu dute errektore izango dena aretoan sartu denean. Esan du «pozik» zegoela, «hunkituta eta ilusionatuta». Nabarmendu du kapaina «bitxia» izan dela, zenbaitetan baita «gogorra» ere. Baina: «Uste dut unibertsitateak irabazi duela». Bereziki gustura agertu da parte hartzeagatik: «Parte harteza ikusi besterik ez dago ikusteko gure komunitateak zer garrantzia eman dion unibertsitatearen norabidea elkarrekin, denon artean erabakitzeari». Beren-beregi aipatu du ikasleen parte hartzea: «Tsunami bat izan da».
Eta horiei begira jarri da: «Guretzat, garrantzitsua izango da ikasleak zentroan jartzea». Haiei entzuteko prest dagoela dagoela esan du. Areago: ikasleei galdegin die errektoretza taldearekin «kritiko eta exijente» izateko. Ikasleak ez ezik, ziurtatu du zaintza ere jarriko dutela erdigunean, pertsona guztien zaintza. «Espero dugu gurekiko kritiko izaztea helburu horiek ez baditugu ondo betetzen».
Gaur arratsaldean aldarrikatu da, behin-behinekoz, hautagai garailea. Inpugnazioak aurkezteko epea abenduaren 2an bukatuko da. Inpugnaziorik ez badago, hurrengo egunean aldarrikatuko da behin betiko errektore hautetsia, hau da, abenduaren 3an.