Joxe Ramon Zubimendi irakasle eta itzultzailea hil da

Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren arduraduna izen zen, eta akademiak urgazle izendatu zuen 1996an.

Joxe Ramon Zubimendi irakasle eta itzultzailea. EUSKALTZAINDIA
Joxe Ramon Zubimendi irakasle eta itzultzailea. EUSKALTZAINDIA
arantxa iraola
2024ko abuztuaren 8a
18:15
Entzun

Joxe Ramon Zubimendi irakasle eta itzultzailea hil da. Euskaltzaindian egin zuen lanarengatik nabarmendu zen, besteak beste. Zereginen artean izan zuen Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren ardura. Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1996an. Usurbilen (Gipuzkoa) sortua zen. 71 urterekin hil da.

Euskararen zuzentasuna zen haren kezketako bat. Hedabideetan euskararen zuzentasuna eta egokiera lantzeko hainbat lan bideratu zituen, 1980ko hamarralditik aurrera. Ahalegin horretan, Euskadi Irratiak eta HABEk sustatutako Antzoki iluna sailaren zuzendari izan zen. Entzumena lantzeko material aproposak sortzea izan zen sail horren helburuetako bat.

1990ean, Argia saria eskuratu zuen Bernardo Atxagaren irrati-nobelen egokitzapenagatik eta zuzendaritzagatik.

Hainbat idazlan utzi ditu Zubimendik. Ezagunenen artean Idazkera-liburua dago: 1993an idatzi zuen, Pello Esnalekin batera, eta Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen.

Euskaltzaindiak jasoa du, Jagon zerbitzuan egin zuen lanaz gain, beste hainbat batzordetan ere hartu zuela parte. Herri literaturari buruzko batzordean, corpusa lantzen duenean, komunikabideei zuzenduriko lantaldean eta euskalkienean aritu zen.

Egokitasunaren alde

1997ko martxoan, Jagon zerbitzuko kide gisara solastatu zen euskararen inguruan Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) egin zen biltzar batean, eta han esan zituen hitzak argigarriak dira haren ikuskera zein zen azaltzeko, eta zeren alde jardun zuen. «Zuzentasunak laguna behar du osagarri: egokitasuna», argudiatu zuen. «Euskara egokia ulerterraza da; baina euskara ulerterraza ez da egiten erraza. Euskara ulerterraza argia da, eta oso landua izan ohi da. Euskara erraza, aldiz, oso pobrea izan daiteke. Hortaz, ez nahastu bata bestearekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.