Duela hamabi urte, ETAk Joxe Mari Korta Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko burua hil zuen, haren enpresaren atarian bonba auto bat leherrarazita. Urtero bezala, senideek eta lagunek gogoratuko dute ETAk hil zuen toki berean. Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak antolatu du ekitaldia, eta prentsa ohar baten bidez «Kortaren balioekin bat egiten duten guztiei» dei egin zien atzo elkarretaratzean parte hartzeko, «terrorismoaren aurka eta bake eta elkarbizitzaren alde».
Elkarretaratzea gaur eguerdian izango da, Korta SA lantokiaren aurrean, hain zuzen, ETAk hil zuen toki berean. Kortaren senide eta lagunekin batera, alderdi politiko, erakunde eta enpresa munduko ordezkariak elkartu ohi dira Adegiko burua zena oroitzeko.
Ostegunean, berriz, Francisco Casanova Espainiako Armadako tenienteordearen hilketaren hamabigarren urteurrena beteko da. Francisco Casanova militarra tiroz hil zuen ETAk, Berriozarren, etxeko garajearen barruan. Casanova gogoratzeko meza bat eta lore eskaintza bat antolatu dute Berriozarren, bihar arratsalderako. Lore eskaintzaren ondoren, Bakearen Auzokideak elkarteak antolatutako Jota Topaketak izango dira. Elkarteko bozeramaile Maribel Valsen ustez, «terroristak nahi dutena lortzen ari dira».
Joxe Mari Korta enpresaburua gogoratuko dute gaur, Zumaian
Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak antolatu du urteroko omenaldia, ETAk hil zuen toki berean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu