Joxe Mari Auzmendi beka aurkeztu du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak

Hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea, herri hezitzailea edo inklusioa lantzen duen proiektu bat sarituko du bekak

Atzo egin zuten bekaren aurkezpena, Hernanin. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Iazko otsailaren 13an zendu zen Joxe Mari Auzmendi, Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta arima. Lan handia egin zuen hezkuntzan eta herrigintzan, eta hasieran amets zuena gauzatu zuen Hik Hasin. Haren heriotzatik urtebetera, Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) eta Hik Hasik haren omenezko hezkuntza beka bat sortu dute. Euskal Herrian alor horretan ematen den lehen beka izanen da, eta lau ardatz hauetako batean oinarritutako lan bat sarituko du: hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea, herri hezitzailea edo inklusioa.

Bekak, egun indarrean dagoen proiektu bat bultzatzeko, edo proiektu berri bat sortzeko 12.000 euroko diru laguntza emanen du, bi ikasturtetan banatuta. Hezkuntza komunitateko kide orok aurkezten ahalko du proposamena, eta askotariko eragileen arteko elkarlana hobetsiko da. Urriaren 1ean bukatuko da proposamenak aurkezteko epea.

Atzo egin zuten bekaren aurkezpena, Hernaniko udaletxean. Bertan izan ziren Hernaniko Udaleko ordezkariak, Auzmendiren senitartekoak eta baita Hik Hasiko kideak ere. Auzmendiren «kemena» eta «argitasuna» nabarmendu zituen Mikel Agirrezabala Hik Hasiko kideak. Bekaren bidez, Auzmendik bere lanean defendaturiko balioei segida eman nahi izan dietela azpimarratu zuen. Gainera, eskerrak eman zizkien bai Hernaniko Udalari, baita Auzmendiren senitartekoei ere beka antolatzeko emandako laguntzagatik.

Parte hartzeko, hamabortz orritan laburbildu beharko da proiektuaren nondik norakoa. Epaimahaia Hernaniko Udaleko kide batek eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoko hiru hezkuntza adituk osatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.