Josune Arriaga euskal presoa baldintzapean aske geratu da, hamalau urteko espetxe zigorra bete ostean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren aldeko ebazpena lortu du Arriagak. Hura hirugarren graduan zegoen abuztutik.
Arriaga 2007an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Bidarrain (Nafarroa Beherea). Iruñekoa izan arren, urteak zeramatzan han bizitzen, eta kalean zela atzeman zuten. Espainiak egindako eskaera baten ondorio izan zen atxiloketa. Arriaga aske utzi zuten kontrol judizialarekin, baina 2010ean hura Espainiaratzea onartu zuten. Hala, ETAri laguntza emateagatik epaitu eta zigortu zuten.
Arriaga Topasen (Espainia, 460 kilometro) egon zen preso, eta Iruñera lekualdatu zuten 2021eko apirilean. Ordutik, Nafarroako espetxean bete du zigorra.