Bihar Berria-n

Josu Urrutikoetxea: «Genevara joan baino lehenago konturatu nintzen erakundean zerbait gertatu zela»

BERRIAk ETAren ordezkari ohiaren elkarrizketa argitaratuko du bihar. Parisen mintzatu da harekin. Aurrerapena da hau.

2020ko abenduaren 15a
14:33
Entzun

BERRIAk atzo arratsaldean elkarrizketa egin zion Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari, Parisen; zehazki, Enekoitz Esnaola kazetaria eta Lara Madinabeitia BerriaTBko arduraduna izan ziren harekin, eta bake eta konponbiderako elkarrizketa prozesuez, euskal presoez, biktimez edota haren auzibideez aritu ziren solasean.

Kazetak bihar argitaratuko du elkarrizketa, asteazkenarekin. Aurrerapena da hau.

Josu Urrutikoetxearen esan batzuk:

- «Biolentzia sekula ez da, nire irudiz, helburua izan [ETA] erakundearentzat, erakunde politiko bat zelako, borroka armatua egiten zuena baina tresna politiko bezala. Bortxa erabiltzea ez da sekula helburu bat. Erabiltzen duenak badaki —eta, kasu honetan, etsaiak ere bai— kalteak egon daitezkeela, eta erakundea beti-betidanik saiatu da albo kalte horiek ekiditen. Eta hori oso zaila da. Bueltaezinezko kalteak larriak dira denentzat. Ni betidanik kezkatu nau horrek, eta hori sentitu dut barru-barruan».

- [2004, Batasunaren Anoetako proposamena: mahai politikoa eta teknikoa] «Garrantzia izan zuen, baina ez bakarrik Euskal Herrian, kanpoan ere bai. Kanpoko eragileek ere oso garbi ikusten zuten. Ikusten zuten hori egingarriagoa zela».

- [2005eko ekaina-uztaila, Geneva: ETA-Espainia elkarrizketa hasiera] «Hara joan baino lehenago sinisten nuen, ikusten nuen aukera zegoela. Sinesmen hori joan aurretik hankaz gora bota zidan erakundeko zuzendaritzako batek esan zidan zerbaitekin, ohartu nintzelako pertsona horrek negoziaketari buruz zuen pentsamoldea eta nirea punta batean eta bestean zeudela. Orduan konturatzen naiz erakundean zerbait gertatu zela. Nik sinesten nuen».

- [2006, ETAren su-etena eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren adierazpena] «Adierazpen horiek ziren giltza bi prozesu [mahai] horiek irekitzeko. Elkarrizketen lehen fasea hori dena zehaztea zen. Bigarren fasea jartzen da mahai gainean, gauza zehatzez hitz egiteko. Hori hankaz gora joan baldin bazen, ez zen bakarrik Madrilen jarrerarengatik».

- [2011-2013, Osloko mahaia: gatazkaren ondorioak] «Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek eskatzen zuten [ni Oslon egotea], nolabaiteko berme bat zelako beraientzat. Bustita zeuden gobernuek ere esan zuten nolabaiteko ibilbidea zuen norbait nahi zutela. Horregatik konbentzitu ninduten. Hasieratik nire kezka zen han topatuko nituen erakundeko ordezkariek txipa aldatua zuten edo oraindik eskema militarista batean segitzen zuten. Orduan esan zidaten 2009ko bihurgunea [estrategia aldaketa] ematen ibili ziren militanteak zirela eta abar, eta nik erantzun nuen: horrela bada, ados».

- [Burujabetza prozesua, euskal errepublika] «Baldintzak badaude, arlo desberdinetan. Izugarrizko potentzial bat da. Euskal errepublika zergatik ez? Baldintzak denak ditugu. Belaunaldi berriek alde horretatik borrokatzeko gogoa dutela ikusten dut. Beste mende batean gaude, beste tresna batzuk dituzte, guk ezagutu ez ditugunak, baina beste etsai batzuk ere bai, neoliberalismoak eta mundu globalizatuak ekartzen dituztenak, baina, konfiantza emanez eta lan eginez egunero-egunero-egunero, guk ditugun tresnekin atzeraezina da egoera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.