Euskal Herrian da Josu Urrutikoetxea. Espainiako hainbat komunikabidek zabaldu dute albistea goizean, eta hala baieztatu dio haren sendiak BERRIAri. Angelun bizi da, Lapurdin, eta jada ez du eskumuturreko elektronikorik: kontrol judizialpean dago oraindik, halere.
Senideek azaldu dutenez, ekainaren 24an egindako auzi saio batean erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberak euskal preso ohiari eskumuturreko elektronikoa kentzea. Izan ere, auzitegiak bezperan jaso zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia, zeinaren arabera deliberatu baitzuen bertan behera uztea Urrutikoetxea Luis Herguetaren hilketarekin lotzen zuen 2005eko autoa.
1980an Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako arduradunaren hilketan parte hartu izana egozten zioten Urrutikoetxeari 2005eko auto hartan, baina akusazio horrek ez zuen heldulekurik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek maiatzean argitaraturako auto batean jakinarazi zuenez: hilketa hura ETA politiko-militarrak (ETApm) hartu zuen bere gain, eta Urrutikoetxea ETA militarreko (ETAm) kidea zen.
Senideen hitzetan, erabaki horrek «agerian» utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalaren «azpikeria», baina baita «Frantziako auzitegiak Espainiarren erabakiekin itsu-itsuan nola lerrokatzen diren» ere.