Josu Urrutikoetxearen epaiketa

Josu Urrutikoetxea errugabe jotzeko eskatu dute nazioarteko hamar pertsona ezagunek

Parisko epaiketak Urrutikoetxeak gatazkaren konponbidean izan duen rol «historiko eta erabakigarria» agerian eman dituela adierazi dute

Jos Urrutikoetxea, joan den astean, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko ekainaren 22a
19:09
Entzun

Joan den astean Parisko Zigor Auzitegian iragan zen Josu Urrutikoetxearen kontrako epaiketaren ondotik, hura errugabe jotzeko eskatu dute nazioarteko hamar pertsona ezagunek. Horien hitzetan, epaiketan agerian gelditu da azken hamarkadetan gatazkaren konponbidean izan duen rol «historiko eta erabakigarria». Hobengabetzea adierazita, beste gatazka batzuetan ere bake justu eta iraunkor batean oinarritutako konponbideak atxikitzen lagunduko luke epaitegiak. Terrorismoaren aurkako Frantziako fiskaltzako prokuradoreak bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen Urrutikoetxearentzat, 2011 eta 2013 artean gaizkile elkarte bateko kide zela frogatutzat emanda.

Hauek dira testuaren sinatzaileak: Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi historikoa, Bill Bowring Londreseko unibertsitateko Birkbeck Collegeko irakasleak, Jonathan Cohen Conciliation Resourceseko zuzendari exekutiboa, Brian Currin nazioarteko bitartekaria, Didier Fassin unibertsitateko irakaslea, Michael Keating Bakerako Europako Institutuko zuzendari exekutiboa, Raymond Kendall Interpoleko ohoresko idazkari nagusia eta Euskal Herrirako Nazioarteko Harreman Taldeko kidea, Thomas Lacoste zinemagilea, Caroline Guibet Lafaye, Emile Durkheim zentroko ikerlaria eta I. William Zartman Paul H. Nitze Schooleko irakaslea.

Sinatzaileen hitzetan, epaiketan hitza hartu duten lekukoen eta aurkeztu diren dokumentuen bidez, agerian gelditu da Urrutikoetxeak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean izan diren elkarrizketa eta negoziaketa saiakera gehienetan parte hartu duela, izan Algerren, Genevan edo Oslon, eta 2006tik aitzina ETA erakundearekin erabat moztu zuela 2006an, zuzendaritza berriarekin zituen desadostasunengatik. «Frogatuta gelditu da ere Urrutikoetxea ezker abertzaleak hautatu zuela, figura historiko eta militante ohi gisa, 2018an ETAren desegitea iragartzeko».

Hala, sinatzaileek uste dute irailaren 1ean emanen duen erabakiaren bidez Frantziako justiziak aukera izanen duela «Euskal Herriko gatazkatik modu negoziatu eta soilik baketsu eta demokratikoen bidez ateratzeko giltzarri izan den eragile horren konpromisoa aitortzeko». Mezu indartsu bat zabaltzeko aukera izan litekeela uste dute «Josu Urrutikoetxea bezala, gerrako logikatik irten eta alternatiba baketsu bat eraikitzeko konpromisoa hartzen duten guztientzat». Haatik, prokuradoreak eskatu bezala, «inolako frogarik gabe» bost urteko zigorra ezarriko baliote, sinatzaileek uste dute «zailagoa» litzatekeela munduan elkarrizketarako eta negoziaziorako lan egiten dutenek beren kideak «konbentzitzea» bake bidean jarrai dezaten. «Izan ere, estatuek (eta kasu honetan Frantziak) ezin badute eragile giltzarri horien babesa bermatu, nazioarteko komunitatea ez da gai izango gatazka horiek negoziazioaren bidez konpontzeko, eta, horrela, eremu hori ikuspegi belizista soilen esku geratuko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.