Urrutikoetxearen auziak

Josu Urrutikoetxea: «Erabaki honek atea zabaltzen dio beste mota bateko justizia bati»

Euskal Irratietan elkarrizketatu dute gaur goizean Josu Urrutikoetxea. Urrats asko egin direla nabarmendu du, baina oraindik beste asko «egiteke» daudela.

Josu Urrutikoetxea, Parisen, Auzitegi Korrekzionalean, 2011-2013 Osloko mahaiari buruzko epaiketan. CHRISTOPHE PETIT TESSON/EFE
jone arruabarrena
2021eko irailaren 2a
09:07
Entzun

Atzo Parisko Zigor Auzitegiak hartutako erabakiak harridura eragin zuen: errugabetzat jo zuen Josu Urrutikoetxea ETA zeneko kide historikoa. Auzitegiak ebatzi du ez dagoela nahikoa elementu 2011-2013 aldian ETAko kide izan zela frogatu ahal izateko, eta hiru magistratuek adierazi dute negoziatzea ezin dela parekatu erakundeko kide izatearekin. Urrutikoetxeak gaur goizean Euskal Irratietan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, erabakia garrantzi handikoa da aurrera begira: «Justiziak horrelako egoera bat kontuan hartzeak beste mota bateko justizia bati ateak zabaltzen dizkio. Epai honek erakusten du ETArekin negoziazioetan ibiltzea ez dela delitu bat».

Frantziak izan duen jarreraz ere aritu da Urrutikoetxea. Esan du Frantziako Estatuak «muzin» egiten diola oraindik bizirik dagoen euskal gatazkari: «Ahoa betetzen zaie munduko beste gatazka batzuetan salbatzaile direla esanez, baina beraiek bustita dauden gatazka bati muzin egiten diote». Josu Urrutikoetxeari elkarrizketa (Euskal Irratiak):

Hala ere, epai horrekin ez da bukatu Urrutikoetxearen auzitegietako ibilbidea. Beste epaiketa baten esperoan dago Urrutikoetxea: irailaren 13an eta 14an akusazio berari aurre egin beharko dio, 2005-2006 aldian izan ziren negoziazioak prestatzen aritu izana leporatuta. Baliteke azken epaiak hurrengoetan ere eragina izatea. Urrutikoetxearen ustez, «logika jarraituz», hurrengo epaiketaren emaitzak ere «berdina» izan beharko luke: «Hurrengo epaiketan eragin beharko luke erabaki honek».

2005-2006 urteen arteko elkarrizketetan parte hartzeagatik, gainera, Espainiaratua izateko arriskua izan lezake Urrutikoetxeak, Frantziako Kasazio Auzitegiak iaz ontzat eman baitzuen Espainiako justiziak haren kontra egindako estradizio eskaera. Guztira, bi estradizio eta bi euroagindu ditu Urrutikoetxeak. Errugabetzat jo ondoren, Espainiaratze agindu bi bertan behera geratu dira, baina beste bik indarrean jarraitzen dute oraindik. «Espainiaratzeak aurrera jarraitzen du», azaldu du elkarrizketan.

Aieteko hitzarmenaz geroztik izan den egoeraz ere mintzatu da: «Urrats asko egin dira, baina asko daude egiteke oraindik. Euskal Herria gatazka politiko batean bizi da. Frantziar estatuak muzin egiten dio, baita Espainiak ere, eta Euskal Herriak behar dituen aurrerapausoak emateko denon laguntza behar da».

Ipar Euskal Herrira bueltatu da Urrutikoetxea, Angelura (Lapurdi), eta itzuleran hainbat gatazkak harritu dute: «Banekien hemen gatazka hauek bazeudela, prentsa jarraitu dudalako, baina hemen bertatik bertara ikusteak harritu nau». Gatazka horien artean, etxebizitzaren arazoa, turistifikazioa, lurraren gehiegizko ustiatzea, nekazaritza arazoak, eta euskararen zein etorkinen aurkako erasoak aipatu ditu Urrutikoetxeak. «Arazo horiek erakusten dute Euskal Herria gatazka politiko batean dagoela, ez bake prozesu batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.