Jarri diote epaiketa data Josu Urrutikoetxeari. 2025eko urriaren 8an, 9an eta 10ean epaituko dute Parisko Dei Auzitegian, 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. 2021eko irailean iragan beharra zen epaiketa hori, baina, prozedura akatsak zirela-eta, ezohiko erabakia hartu zuen epaileak: epaiketa bertan behera utzi zuen, eta berriz instrukziora bidali zuen sumarioa. Ordutik, bulegoetan egon da kasua, goiz honetan epaiketa eguna finkatu duten arte.
2004tik 2006ra ETA erakundearen eta Espainiako Gobernuaren artean izan ziren elkarrizketa saiakerekin lotua da Urrutikoetxearen kontrako auzia. 2004an Jose Luis Rodriguez Zapatero heldu zen Espainiako Gobernuko presidentetzara, eta bake elkarrizketak formalki abiatu zituen ETArekin. Jokaleku horretan, elkarrizketetan parte hartu zuen Urrutikoetxeak.
Auzi horrengatik 2010ean epaitu zuten lehen aldiz Parisko Zigor Auzitegian, hura presente izan gabe; fiskaltzak orduan adierazi zuen Urrutikoetxeak ETAn «posizio hierarkikoa» zeukala eta «arduradun politikoa» zela Frantziako Poliziak 2004an Mikel Albisu atxilotuz geroztik. Bost urteko espetxe zigorra jarri zioten. Baina, fiskalak helegitea aurkeztu, eta kondena zazpi urtera igo zuen Parisko Dei Auzitegiak, urte berean.
2019an atxilotu zutenean, bere kontrako epaiketak berriz egiteko eskatu zuen Urrutikoetxeak. Ordutik, prozedura akatsetan katramilatuak egon dira aferak.
2011 eta 2013 arteko elkarrizketa saiakerari zegokion Urrutikoetxearen kontrako bigarren prozedura. 2021eko ekainean epaitu zuten, eta urte bereko irailean errugabe jo zuen Parisko Zigor Auzitegiak. Epaimahaiak ebatzi zuen ez zegoela nahikoa elementu ETA zeneko kide historikoa 2011-2013 aldian erakundeko kide izan zela frogatzeko. Halaber, hiru magistratuek adierazi zuten negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin.
Gaur egun, baldintzapean libre dago dago Urrutikoetxea, eta Euskal Herrian bizi da. 74 urte ditu
Espainiaratzeko arriskua
Frantziako Estatuan haren kontra irekitako prozedurez gain, Espainiaratzeko hainbat agindu ere baditu Urrutikoetxeak. Horietako bi indarrean dira oraindik. Frantzian bere aurka diren prozedura judizialak bukatutakoan, autoritateek bidea libre izanen dute Espainiara bidaltzeko.
Herriko tabernen auziari dagokio horietako bat. Auzitegi Nazionalak euroagindua galdetu zuen, Urrutikoetxea Ekineko burutzat jota. Legebiltzarkide zenean ikertu zuten. Orotara 36 pertsona auzipetu zituzten. 2014an publikatu zuen sententzian, Auzitegi Nazionalak urtebete eta hiru urte arteko kartzela ezarri zien hogei laguni: batetik, HBko eta Batasuneko zortzi mahaikide ohiri, «ETAren fronte instituzionala» osatzea, erakunde armatu bateko kide izatea eta herriko tabernen sarea kontrolatzea egotzita; eta bestetik, herriko tabernen zatiko hamabi auzipeturi, elkarteen bidez «ETAren egitura» finantzatu eta laguntzeagatik. Defentsak Gorenera jo zuen, eta horrek 2015ean kartzela urteak jaitsi zituen, gehienezko zigorra bi urtetik behera jarrita; horrela, Gorenaren epaiaren ostean zigortutako inor ez zuten sartu preso.
Bigarrena estradizio eskaera da. 1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka (Espainia) egindako atentatuan parte hartu izana leporatzen diote. ETAk bere gain hartu zuen atentatu hura. 2.354 urteko zigor eskaera egin zuten Urrutikoetxearen kontra. Urtarrilerako jarri zuten epaiketa data, baina oraindik espainiaratua ez zutenez, atzeratzea erabaki zuten.