Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako fiskalak errekurtso bat aurkeztu du Josu Narbaez Goñi euskal presoaren gradu progresioaren kontra. Ondorioz, Auzitegi Nazionalak ebatzi bitarte, espetxera itzuli beharko du behin-behinean. Aurreko astean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak haren hirugarren gradua, eta AVT eta Covite biktimen elkarteek gogor egin zuten haren kontra.
Ikusi gehiago
AVTk argudiatu zuen «ezkutuko indultu bat» zela Narbaezena, eta Carlos Garcia-Berro fiskalari dei egin zion helegite bat aurkeztu zezan. Covitek, berriz, «damuan» egin zuen indar, eta erakundeak —fiskaltza barne— kritikatu zituen hirugarren gradu haren alde egiteagatik.
Garcia-Berrok entzun ditu haien eskaerak, eta gradu progresioaren kontrako helegite bat aurkeztu du. Argudiatu duenez, Narbaezen espetxe bilakaera ona bada ere, haren irteera baimenen garapena nolakoa den aztertu beharko litzateke progresioa gauzatu aurretik. Ondorioz, Martuteneko espetxera (Gipuzkoa) itzuli beharko du Narbaezek, bigarren graduan.
Narbaez 2014an estraditatu zuten Mexikotik Espainiara, Itziar Alberdi bikotekidearekin batera. 22 urte zeramatzaten erbestean, eta atxiloketaren unean Puerto Vallartan bizi ziren, bi seme-alabekin. Behin Espainian espetxeratuta, Narbaezi 296 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2015ean.
Egotzi zizkioten delituak 2003ko lege erreformaren aurrekoak izanik, Narbaezi gehienezko 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 11 daramatza preso; 2022ko irailetik, Euskal Herrian. Hain zuzen, biktimen elkarteek salatu zuten ez duela zigorraren erdia bete.
Azkenekoz martxoaren hasieran egin zuen fiskaltzak gradu progresio baten kontra: Xabier Zabalo euskal presoaren hirugarren gradua etenarazi zuen behin-behinean. Ordura arte, urtebete zen fiskaltzak ez zuela errekurtsorik aurkezten gradu progresioen aurka. Hain zuzen, Zabaloren kasuaren berri izan ostean, Sare Herritarrak adierazi zuen ea zer zentzu duen Madrilek espetxeetako tratamendu batzordeetako profesionalen erabakien kontra egitea. Plataforma hark nabarmendu izan du preso guztiek betetzen dituztela erregimen irekian egoteko baldintzak.