Josu Mujika Aiestaran eta Txomin Letamendi Muruaren kasuei buruzko lehenengo bi kereilak tramiterako onartu dituzte Madrilgo 12. eta Donostiako 5. epaitegiek. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak aurkeztu ditu, eta azpimarratu du Espainiako justiziak eman duen pauso horren garrantzia; horiez gain, izan ere, beste hiru kasu onartu berri ditu Espainiako justiziak, hain zuzen ere frankismoaren krimenen aurkako Argentinako Kereila Babesteko Koordinakundeak Madril, Elda eta Paternako epaitegietan aurkeztutakoak.
«Horiek guztiek hautsi egiten dute, nahikoa ez bada ere, Espainiako epaileen joera nagusi bat, zeinak, kereilak eta haien errekurtsoak atzera botaz, ikerketa penala ukatzen duen eta, hala, kriminal frankistak ez dituzten epaitzen», esan du Behatokiak. Orain arte, 115 kereila baino gehiago aurkeztu izan dituzte auzi horiei loturik, baina epaileek ez dituzte onartu, edo artxibatu egin dituzte.
Josu Mujika 1975eko uztailaren 30ean hil zuten, Madrilen, poliziek jotako tiroen ondorioz. Operazio horretan «egiaztatuta geratu zen Mikel Lejarza agente infiltratuak (Defentsako Goi Mailako Ikasketa Estrategikoen Zentroko kidea) parte hartu zuela», Giza Eskubideen Behatokiak azaldu duenez. ETAko kideen artean Gorka ezizena zuen Lejarzak, eta Espainiako Zerbitzu Sekretuetako kideen artean, berriz, El Lobo.
Joan den uztailean Bergarako Epaitegian (Gipuzkoa) aurkeztutako kereilaren ondoren, epaitegiak adierazi zuen ez zuela eskumenik halakoak epaitzeko, baina, irailean, Behatokiak berriro aurkeztu zuen kereila Madrilgo epaitegi batean. Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortu zuen Mujika, 1975eko gertaera horien harira, 2023ko maiatzaren 15ean emandako irizpenaren arabera.
Letamendi zaintzeaz arduratu zirenak
Txomin Letamendi ere Madrilen hil zuten, 1950eko abenduaren 20an. Polizia frankistak eginiko «tortura fisiko eta psikiko larrien ondorioz», Behatokiak azaldu duenez, «bai eta jasan zituen espetxe baldintza penagarrien ondorioz ere». Giza Eskubideen Behatokiak dio Letamendirena «kasu paradigmatikoa» dela, errekonozimendu eta memoria historikoaren legeek ez baitute barne hartzen gerra osteko frankismoarekiko lehen erresistentziaren aldi historiko hori.
Hala ere, Donostiako epaitegi batek erabaki du Espainiako Barne Ministerioko Poliziaren Zuzendaritza Nagusiari ofizioa bidaltzea, hark eman ditzan Jose Nogues Recoo Poliziako inspektore nagusia eta Fernando Escudero Arcocha polizia agentearen nortasun eta filiazio datuak. Haiek izan ziren duela 75 urte Letamendi zaintzeaz arduratu ziren poliziak eta galdeketetan parte hartu zutenak.
Nogues Recoo Poliziako inspektore nagusia eta Fernando Escudero Arcocha polizia agentearen nortasun eta filiazio datuak eskatu ditu epaitegiak; haiek izan ziren Letamendi zaintzeaz arduratu ziren poliziak eta galdeketan parte hartu zutenak
Behatokiak argi esan du tramiterako onartu dituzten kasu biak «erregimen frankistaren giza eskubideen urraketa larri eta sistematikoen testuinguru historiko batean» gertatu zirela. Elkartearen kereila biak Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Espainiako Legeak babesten ditu, Behatokiak berak ziurtatu duenez; lege horren artikulu batek ezartzen du «gizateriaren aurkako, genozidioko eta torturako gertakari horiek preskribaezinak eta amnistiaezinak» direla.
«Bunker judizial negazionista»
Edonola ere, Behatokiak argi dauka «frankista oheratu eta demokrata altxatu ziren epaileek benetako bunker judizial negazionista» osatu dutela Espainiako justiziaren barruan, eta, hala, erabat oztopatu dutela erregimen frankistak 40ko eta 70eko hamarkadetan egindako giza eskubideen urraketa larriak ikertzea. «Epaitegi hauetan entzungor egin zaio 2022ko lege demokratiko horri, konstituzioaren aurreko Amnistiaren 46/1977 Legera makurtuz eta horrekin Estatuko aparatuen inpunitatea bermatuz».
Horregatik, Mujika eta Letamendiren kasuak tramiterako onartuta «bunker judizial hori pitzatzen hasi dira», Behatokiaren ustez, salbuespen badira ere. Hala, salatzaileek beren tesia berretsi dute: «Egitate horiek, zalantzarik gabe, gizateriaren aurkako krimenak dira, eta, beraz, preskribaezinak eta amnistiaezinak dira, nazioarteko zuzenbideaz gain, Memoria Demokratikoari buruzko Espainiako legeak onartzen duen bezala». Behatokiak erantsi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren boto partikular batzuk ere nabarmendu behar direla, «dagoeneko ikerketa egitera eta epaitegien jardun proaktibora deitu baitute».
Hori horrela, Giza Eskubideen Behatokiaren ustez, «ebidentzia bat da» orain arte Espainiako Estatuak bere ardurapean jardun zuten delituen egileak «estali dituela eta erabateko zigorgabetasuna eman diela»; elkarteak gaineratu du horrek «birbiktimizazio onartezina» eragin diela Mujikaren eta Letamendiren familiei. «Gure borondatea da egiaren eta justiziaren bidea egitea, barneko bide judiziala eta, behar izanez gero, nazioartekoa erabiliz». Hala ere, Behatokiak uste du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman beharko luketela Estatuaren biktimentzako laguntza juridikoa.