Ika-mika zaratatsua sortu dute Repsoleko presidente Josu Jon Imazek Davoseko Foroan deskarbonizazioari buruz egindako adierazpenek. Tonu gogor batean aritu zen Imaz atzo, azaltzen Repsolek bost birfindegi dituela Espainian eta bostak ari direla jardun betean; eta galdetu zuen ea zer nahi duten Espainiako agintariek, «horiek itxi eta museoak zabaltzea haien lekuan, hiru lanpostu sortzeko», edo kalitatezko lanpostuak ematen dituzten azpiegiturekin jarraitzea.
Galderaren erantzunaren barruan, Imazek ziurtatu zuen deskarbonizazioa «ideologia jakin batekin» egiten ari dela, eta erantsi zuen trantsizio ekologikoa egiteko modua «birpentsatu» egin behar dela. «Mundua deskarbonizatu egin behar dugu, egia da, baina horrek ez du esan nahi elektrifikatu egin behar denik».
«Mundua deskarbonizatu egin behar dugu, egia da, baina horrek ez du esan nahi elektrifikatu egin behar denik».
JOSU JON IMAZ Repsoleko presidentea
Bada, handik gutxira, Espainiako Gobernuak aho bilorik gabe erantzun dio. Teresa Ribera Trantsizio ekologikoko ministroak «negazionismoan» aritzea aurpegiratu dio. Riberak dezepzioa hartu du Repsoleko buruarekin, «mezu populista bat» helarazi duelako, haren ustez. Imaz «bere interesen alde» aritu dela ere gaineratu du ministroak, eta egotzi dio «trantsizio ekologikoaren aurkako erreakzioa hauspotzea».
EAJren babesa
EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente ohiak, ordea, alderdi horren babesa jaso berri du. Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzaleak ziurtatu du EAJ bat datorrela Imazek proposatzen duen «ereduarekin». Hori dela eta, Ribera ministroaren hitzak «desegokitzat» jo ditu. Bilbaok adierazi du «elektrifikazioak mendekotasun berriak» eragin ditzakeela, eta, ildo horretan, ados dago Repsoleko buruak Davosen defendatu duenarekin.