Behin-behinean aske geratu dira Josu Esparza eta Gorka Zabala. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Zabalak 10.000 euroko bermea ordaindu behar izan du, eta Esparzak, 50.000 eurokoa. Biek ere Soto del Realgo espetxea utzi dute. Gorka Zabala iaz Iruñerrian urtarrilaren 18an egindako operazioan atxilotu zuen Guardia Zibilak. Inkomunikazio aldian zegoela torturatu egin zutela salatu zuen. Urte eta erdi espetxean egin ostean, baldintzapean aske utzi dute. Operazio hartako atxilotu batzuk ere askatu dituzte azken asteetan.
Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eledunaren kasua berezia da. Iazko urtarrileko polizia operazio hartatik ihes egitea lortu zuen, eta hainbat hilabetez Ipar Euskal Herrian bizitza normala egin zuen, harik eta iazko irailean Frantziako Poliziak atxilotu zuen arte. Baldintzapean aske utzi zuten, Paueko Auzitegiak haren aurkako bi euroaginduren inguruan ebatzi bitartean. Auzitegiak Espainiaratzea onartu zuenean, Esparzak ihes egin zuen. Abendu hasieran Baionan egindako manifestazio batean agertu zen berriro, Aurore Martinekin batera. Elkartasun keinu ugari jaso zituen Esparzak egun haietan.
Handik gutxira atxilotu eta Espainiaratu zuten. Esparzak Amnistiaren Aldeko Mugimenduan egindako lanaren aitortza eginez, 600 pertsonak autoinkulpazioak aurkeztu zituzten Auzitegi Nazionalean. Esparza abendutik espetxean izan da.
Euskal presoak
Josu Esparza eta Gorka Zabala aske geratu dira, bermea ordainduta
Etxerat-en arabera, 50.000 euroko bermea ordaindu du Esparzak, eta 10.000 eurokoa Zabalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu