Josu Esparza espetxeratu du Ismael Moreno epaileak, behin-behinean

Espainiako Poliziak Ventura Tome Espainiaratu du, Belgikako agintariek euroagindua onartuta

joxerra senar
Iruñea
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Herenegun atxilotu zuen Frantziako Poliziak Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko ordezkaria, eta atzo Ismael Moreno epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen, harik eta Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean deklaratu arte. Ekineko kide izatea egozten dio Marlaskak eta espero da bihar deklaratuko duela epaile horren aurrean. Era berean, atzo Iruñean Eleak mugimenduko Asier Biurrunek «probokaziotzat» jo zuen bi estatuek egungo testuinguru politikoan jazarpen politikoaren ildotik jarraitzea. Atxiloketa Euskal Herriaren gehiengo sozialaren borondatearen aurkako kolpea dela deritzo: «Gure aburuz, eskubideen eta askatasun politikoen urraketetan dagoen marra gorria zeharkatu egin dute estatuek».

Horregatik Denok gara Josu lelopean, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzan elkarretaratzera deitu du Eleak-ek. Ordu horretan bertan, Esparzaren senideek, Eleak-eko ordezkariek eta eragile politiko eta sozialek osatutako ordezkaritza batek Elma Saiz Gobernuko ordezkariarekin batzartuko dira, eta Esparza berehala aske uzteko exijituko diote. Asier Biurrunek gogora ekarri du Esparzak betidanik lan politikoa eta publikoa egin duela, eta horregatik, jazarpen politikoari amaiera emateko eskatuko diote Saizi.

Esparzak espetxean jarraitzen badu,azken bi astetan bildutako 600 autoinkulpazio aurkeztuko ditu Eleak-ek. Dokumentu hori sinatzen duten herritarrek adierazten dute jakinaren gainean daudela zer nolako lana egin duen Josu Esparzak, bere jarduera politikoa presoen eskubideen urraketak eta torturak salatzera bideratuta egon dela eta horregatik guztiagatik bere militantzia politikoa zigortu nahi izan dutela. Hala, Eleak-ek bultzatutako autoinkulpazio kanpainaren baitan, eurak ere errudun direla deklaratzen dute herritar horiek.

Prentsaurrekoan, Josu Esparzaren gurasoak —Juan Esparza eta Txaro Iraizoz— eta bere bikotekidearenak zeuden —Loli Perez eta Patxi Bakedano—. Txaro Iraizozek aditzera eman du herenegun 18:30etan Josu Esparzak bere abokatuarekin hitz egitea lortu zuela, eta lehen orduetako tratua ona izan zela aipatu ziola.

Josu Esparzaren atxilotzea eta Espainiaratzea salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo Baionan eta Maulen. 400 lagun bildu ziren Baionan, Giza Eskubideen Ligakoak eta CFDT, LAB, AB, Batasuna, Solidaires, Segi, Europe Ecologie, Cimade... eragile andana ere presente zirela; 50 pertsona batu ziren berriz, Maulen.

Ventura Tome Espainiaratua

Bestalde, Espainiako Poliziak Belgikatik Espainiara eraman zuten atzo Ventura Tome ustezko etakidea, Belgikako agintariek haren aurkako euroagindua onartuta. Tome joan den urriaren 28an atxilotu zuten, Belgikan. ETAk urriaren 20an jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri eta lehenbiziko atxiloketa izan zen hura. Auzitegi Nazionalaren aginduz Espainiaratu dute 58 urteko Pasaiako herritarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.