Larunbateko Baionako manifestazioan jendaurrean azaldu eta 48 ordura, Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea atxilotu zuen atzo eguerdian Frantziako Poliziak. Bere etxera sartzear zenean atzeman zuten gazte iruindarra. Gauzak hartzera etxera igotzeko betarik eman gabe, auto batean sartu eta zuzenean Madrilera eraman zuten.
Atxiloketaren aurka, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek elkarretaratzeak deitu dituzte 18:30ean, Baionako suprefekturaren egoitzaren aurrean. Maulen ere gaur ordu berean besteelkarretaratze bat egingo dute. Gaur, atxiloketaren aurkako mobilizazioen berri emango dute Iruñean.
Urtarrilaren hasieran, Iruñerrian Guardia Zibilak egindako polizia operazio batetik ihes egin zuen Esparzak. Ipar Euskal Herrian bizitza publikoa egiten zuen, eta irailaren hasieran Frantziako Poliziak lehen aldiz atxilotu zuen. Auzitegi Nazionalak bere aurkako euroagindua eskatu zuen Ekineko kide zela egotzita, eta geroago beste euroagindu bat duela bi urte Korrikan presoen aldeko kartel bat erakusteagatik. Paueko Auzitegiak euroaginduei buruz erabaki bitartean gordetzeaerabaki zuen Esparzak.
Larunbateko manifestazioari begira, Esparzak eta Aurore Martinek jendaurrera azaltzeko asmoa agertu zuten. Esparzak iragan astean BERRIAri azaldu zioenez, garaia iritsi da konponbidearen aldeko konpromisoa azaltzeko: «Bada garaia konplexurik gabe eta beldur guztien gainetik kalera ateratzeko. Militante publikoak izatea egokitu zaigu, eta badugu ardura hori guztia bultzatzeko». Manifestazioan, txalo artean hartu zituzten herritarrek Esparza eta Martin.
Manifestazioaren deitzaileek atxiloketa «probokazio hutsa» dela deritzote. «Baionan inoiz bildu ez den jendetzaren eskaerari, euskal gatazkari aterabidea demokratiko baten aldeko deiadarrari, fitean eman dio Parisek erantzuna», salatu dute. Eragileon ustez, aterabiderako giltza eskaintzen duen eskuari «ostiko bat» eman dio Frantziako Gobernuak.
Ezker abertzaleak, prentsa ohar batean, salatu du Parisek «berriro ere» Ipar Euskal Herrian azken hilabeteetan sortutako mugimenduari «entzungor» egin diola, eta dei egin die bi estatuei jazarpenaren bidea alde batera uztera.
Josu Esparza atxilotu eta Espainiaratu du Poliziak
Etxera sartzear zela atzeman du Frantziako Poliziak; auto batean sartu eta Espainiara igorri dute berehala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu