euskal presoak

Josetxo Arizkuren Ruiz euskal presoa ospitaleratu egin dute

Ez da bihotzeko arazoengatik ospitaleratzen duten lehen aldia. Larri gaixo dauden presoen zerrendan dago. Sarek salatu du informazio «nahasgarria eta urria» ematen ari zaizkiela eta Arizkurenek ez duela konfiantzazko medikuarekin egoteko aukerarik izan.

Josetxo Arizkuren, 2013an, Espainiako Auzitegi Nazionalean. CHEMA MOYA / EFE
2020ko azaroaren 30a
09:20
Entzun

Josetxo Arizkuren Ruiz euskal presoak bihotzeko arazo bat izan zuen atzo, Murtziako espetxean (Espainia), eta ospitaleratu egin dute, ZIU zainketa intentsiboetako unitatean. Espetxeko iturrien arabera, patioan kirola egiten ari zela ondoezik sentitu zen, eta presondegiko medikua izan zen presoa artatzen aurrena. Halere, ospitalera bidali behar izan dute azterketa gehiago egiteko. Larri gaixo dauden presoen zerrendan dago Arizkuren, eta ez da bihotzeko arazoengatik ospitaleratzen duten lehen aldia. Sare mugimenduak salatu du informazio «nahasgarri eta urria» eman diela espetxeak: «Atzo bihotzeko baten amagoa izan zuela jakin genuen, eta gaur, aldiz, bihotzekoa izan zela esan dute (are larriagoa) eta ospitalizatua dagoela. Ez dugu, beraz, haren osasun egoeraren inguruko informazio garbia jaso, eta horrek senitartekoentzat dakartzan kezka eta beldurrak areagotzen ditu». Ohartarazi dute, gainera, urrun egoteak eta senide zein konfiantzazko medikuen zaintzarik ezin edukitzeak are gehiago larritzen duela egoera.

Arizkurenek 62 urte ditu, eta Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hura gerturatzea onartu zuen aurreko astean. Zehazki, Murtziatik Logroñora. Sarek salatu du, ordea, «berandu» etorri dela gerturatzearen iragarpena: «Berandu dator, eta, gainera, ez da nahikoa. Josetxok, gaixotasun larri bat duen presoa izanik, duela denbora asko behar lukeelako zigorra etxean betetzen, artatze egoki bat jasoz eta gertatutakoa ekidingo zuen eremu babestu eta lasaian biziz». Sarek ohartarazi du aurreikusi zitekeela gertaturikoa: «Josetxok zuen afekzioarekin, gertatutakoa edozein momentutan gerta zitekeela jakitun zeuden espetxe arduradunak, eta, hala ere, lehen graduan, urrundua eta legearen arabera eskubidea duen askatasun eta zaintza egokirik gabe mantendu dute, beste behin ere, egoerak okerrera egin arte». Presoa askatzeko eskatu dute: «Josetxok ezin du minutu bat gehiago pasatu bere gertukoen eta konfiantzazko mediku baten artatzerik gabe. Josetxok etxean egon behar du».

Sarek mobilizatzeko deia egin du gaurko: Iruñeko Merindades plazan elkarretaratzea egingo dute, 20:00etan, Josetxo etxera. Larriki gaixo dauden euskal presoak etxera lelopean. Izan ere, gogoratu dute Arizkurenez gain bertze hamazazpi euskal preso ere badirela eritasun larriekin kartzelan.

2001ean espetxeratu zuten Arizkuren, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. Bost urte barru beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.