Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofian katedradunak EHUko errektore izateko hautagaitza aurkeztu du. Ohar bidez jakinarazi dute Bengoetxearen hautagaitza, eta azaldu «proiektu kooperatibo, parte hartzaile eta plural gisa» aurkezten dutela: «EHUk eta bere komunitate osoak bultzada berri bat behar du, bere ezagutza eta talentu guztia erronka garaikideen zerbitzura jartzeko». Oraingoz, harena da aurkeztu den hautagaitza bakarra.
«Unibertsitatearen norabideari buruzko oinarrizko adostasunak berreskuratzeko unea da», zehaztu du Bengoetxeak berak oharrean. Izan ere, hautagaitzaren berri ematearekin batera, urte amaieran errektorea aukeratzeko egingo dituzten hauteskundeen garrantzia nabarmendu dute. Zehaztu dute hautagaitza aurkeztearen «abiapuntua» dela unibertsitatearen inguruko «goi mailako eztabaida baten beharra». Hartan, hautagaitzaren arabera, gizarteari egiten zaion ekarpenaren, finantzaketaren zein EHUren norabidearen inguruan hitz egin behar da.
Bengotxeak xede gisa jarri du EHUren, gizartearen eta lurraldearen arteko lotura estutzea, proiektu «publiko berritzaile eta integratzaile, ireki eta konprometitu batekin». Eta azaldu du «ilusioz» ekin diola proiektuari, «unibertsitate komunitatearen bultzada» jaso duelako. Haren inguruan eratu daitekeen lan taldearen inguruko xehetasunik ez du eman, ordea, eta zehaztu dute hura datorren ikasturtearen hasieran iragarriko dela. «Talde plurala, askotarikoa eta konprometitua, proiektu akademiko eta sozial berritua duena», adierazi dute.
Taldearen aurkezpena ez da hautagaitzak irailerako utzi duen lan bakarra; adierazi dute orduan ekingo diotela iritziak entzuteko bilera sorta bati, programa «elkarlanean eta era horizontalean» diseinatzeko helburuarekin: «Helburu nagusia da erakundea zuzentzea berrikuntzan, parte hartzean, hezkuntza eta ikerketa bikaintasunean eta gizarte konpromisoan oinarritutako ikuspegiarekin».
Bada berritasun bat Bengoetxeak hautagaitza aurkezteko pausoan bertan. Izan ere, hautagai bakarra izan da EHUko azken hiru hauteskundeetan: 2012an, 2016an eta 2020an. Eva Ferreira gaur egungo errektorea bere oinordekoen talde berekoa izan zen; 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Ferreira, eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia izan zen. Nekane Balluerkaren zuzendaritza taldean jardun zuen gero, eta Ferreirak hartu zion lekukoa. Bengoetxea, ordea, ez da EHUren gaur egungo gobernu taldekoa.
Jurista
Bengoetxeak ibilbide luzea egin du akademian. Zuzenbidean doktorea da Edinburgoko Unibertsitatean, Zuzenbidearen Filosofian katedraduna EHUn eta honoris causa doktorea Helsinkiko Unibertsitatean; hain zuzen, duela urtebete jaso zuen izendapen hori. Bere ibilbidean, EHUko irakasleak jorratu duen gai nagusietako bat Europako zuzenbidea izan da, eta irakasle gonbidatu gisa aritu da, besteak beste, Stanford Unibertsitatean eta Oxfordekoan. Euskal Herrian ere nabarmendu da haren lana, eta zenbait sari jaso ditu horri esker: Eusko Ikaskuntza Saria eta Jesus Maria Leizaola saria, besteak beste. Unibertsitatetik kanpo, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko letratua izan zen bi alditan. Sarri argitaratu ditu iritzi artikuluak BERRIAn. Lan akademikoaz harago, Bengoetxea EHUguneko zuzendari eta koordinatzailea izan da, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea izan zen 1998 eta 2001 artean.