Joseba eta Eñaut Alvarezi 5.000 euroko isuna ezarri zien Donostiako Auzitegiak iragan urtarrilaren 29an, 2023ko San Sebastian egunean, Konstituzio plazan Etxera zioen euskal presoen aldeko pankarta handi bat jartzen saiatzea egotzita. Udaltzaingoak akusatu zituen, eta autoritateari atentatua egitea ere egotzi nahi zieten, baina, azkenean, isuna baino ez zieten jarri. Piztu Donostiak zigor ekonomiko horri modu kolektiboan aurre egiteko ekinaldia jarri du martxan.
Piztu Donostia eskubide zibil eta politikoen defentsan aritzen da. Bono laguntzak, bizum kontuak eta kontu korronteak ireki dituzte isuna ordaintzen laguntzeko. Piztu Donostiak salatu du «Poliziaren azpijokoa» zegoela aita-semeen zigorraren atzean; «militantzia politikoa kriminalizatzeko eta zigortzeko intentzionalitatea» ikusi dute auzi horren atzean.
Prozesuak iraun duen artean, elkartasun oldea jaso dute auzipetuek, eta Piztu Donostiak uste du horregatik lortu dela Udaltzaingoak atzera egitea akusazio partikular moduan eskatua zuen zigor eskaeran.
Salatu dutenez, azken urteetan zigor asko jaso dituzte propaganda politikoa zabaldu duten herritarrek, eta Donostiako Udalari eskatu diote «zentsura politikoa aplikatzeari uzteko».