«Gezurretan oinarrituriko akusazio faltsuen bidez», autoritateari atentatua egin izana egotzi diete Joseba eta Eñaut Alvarez aita-seme donostiarrei, akusatuek berek gaur salatu dutenez, Donostiako epaitegietara sartu aurretik. Fiskalak urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du semearentzat, eta bi urte eta erdikoa aitarentzat, eta jendea haiei elkartasuna adieraztera hurbildu da goizean. Azkenean, ez da kartzela zigorrik egon. Isun bat jarri diete biei, 5.000 euro ingurukoa Eñaut Alavarezek jakinarazi duenez, epaitegitik atera ondoren.
«Prozesua amaitu da, atzera egin behar izan dute, autoritateari atentatua akusazioa erori egin da, ez zuelako inolako oinarririk, eta espetxe zigorrik ere ezin izan digute sartu», esan du gazteak. Guztia isun batean geratuko dela erantsi du, eta fiskala saiatu dela bi urtez Plaza Berrira sartzeko debekua ezartzen; «baina hori ere ez du onartu epaileak». Hala, 5.000 euro inguruko isuna jarriko diete aita-semeari, haiek kalkulatu dutenez: «Pankarta garesti xamar atera zaigu, baina jarraituko dugupropaganda politikoa egiten eta borrokan».
Epaitegietan erdietsitako akordioak «agerian utzi du muntai polizial horrek ez zuela inolako bideragarritasun juridikorik, akusazio faltsuak gezurretan oinarritzen zirelako», Piztu Donostia taldeak helarazi duenez, ohar baten bidez. «Prozesu judizial horren helburu bakarra propaganda politikoa jartzea zigortu eta militantzia politikoa kriminalizatzea zen».
«Haiek oldartu ziren»
Goizean, adierazpen askatasuna eskatzen zuen pankarta baten atzean egon da jende multzo bat, alvareztarrak epaitegira sartu aurretik, eta han bertan hitz egin du Eñaut Alvarezek euren egoera zein zen azaltzeko, auziaren amaiera ezagutu aurretik: «Epaitegira etorri behar izan dugu gure aurkako polizia azpijoko bat martxan jarri dutelako. Autoritateari atentatua egitea egotzi digute, eta baita lesioak eragin izana ere. Akusazio faltsuak dira erabat, eta ez dugu horrelakorik onartuko, ezta espetxe zigorrik ere».
«Adierazpen askatasunaren eta militantzia politikoaren aurkako eraso bat da hau»
EÑAUT ALVAREZAuzipetua
Fiskala eta alvareztarren abokatua epaiketa hasi aurretik elkartu dira, eta akordio batera iristeko tartea zabaldu da, Eñaut Alvarezek esan duenez. «Adierazpen askatasunaren eta militantzia politikoaren aurkako eraso bat da hau. Zera besterik ez genuen egin: saio bat euskal presoak etxeratzearen aldeko pankarta presente egon zedin Plaza Berrian San Sebastian egunean. Eta udaltzainek ez ziguten utzi. Haiek oldartu ziren gure aurka».
Joseba Alvarezek, berriz, eskerrak eman dizkie elkartasuna adieraztera joandakoei, eta esan die euskal presoen aldeko pankartaren inguruko «azpijoko» hori adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat dela. Hori bera azpimarratu du Piztu Donostia taldeak: «Argi diogu hau ez dela kasu isolatu bat, hamaika eragile izan garelako askotariko zigor edota isun ekonomikoen jomuga azken urteotan. Aski ezaguna den Mozal Legeaz gain, Donostiako Udal Ordenantzaren bidez propaganda politikoa jartzea 300€ko isunarekin zigortzen baita»