Joseba Egibarrek ez du Gipuzkoako EAJ zuzentzen jarraituko, ia lau hamarkadaz horretan aritu ondoren

1987an izendatu zuten GBB Gipuzko Buru Batzarreko lehendakari. Buruzagi jeltzaleak aurreko legealdian utzi zuen Eusko Legebiltzarrean zuen eserlekua.

Joseba Egibar EAJren GBB Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, EAJren kurtso hasierako ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joseba Egibar EAJren GBB Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, EAJren kurtso hasierako ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 18a
12:00
Entzun

Joseba Egibarrek ere urrats bat albora egitea erabaki du: ez du Gipuzkoako EAJ zuzentzen jarraituko. Ia lau hamarkada egin ditu GBB Gipuzko Buru Batzarreko presidente gisa, baina karguan ez segitzeko erabakia hartu du, alderdi jeltzaleak lurralde zuzendaritzak berritzeko prozesua abiatu berri duen honetan. Hiru hamarkadaren ostean legebiltzarreko ibilbidea ere amaitutzat eman zuen aurreko legealdiaren amaieran, eta, horrenbestez, Egibarrek guztiz utziko du politikaren lehen lerroa orain.

1987an izendatu zuten Joseba Egibar GBBko presidente, artean 27 urte zituela, eta 2000. urtean zabaldu zen lau urteko tartea kenduta —Juan Mari Juaristi hautatu zuten orduan—, berak gidatu du alderdi jeltzalea Gipuzkoan urte hauetan guztietan. Guztira, 37 urte egin ditu karguan buruzagi jeltzaleak, alderdikideek haren hautagaitza behin eta berriro babestu ondoren.

Haren agintaldia, baina, luzea bezain esangura handikoa izan da. EAJrekiko leialtasuna ardatz hartuta, alderdia josteko lana egokitu zaio urte askotan, bereziki 1986ko zatiketa «traumatikoaren» ondoren. Gipuzkoako jeltzaleen buru gisa, zatiketaren ondoren, alderdia lurraldean biziberritzeko lan egin zuen, berriz boterera eramateraino. Bakegintzaren eta elkarbizitzaren alde ere jardun du bide horretan.

1990ean lortu zuen lehen aldiz eserlekua Eusko Legebiltzarrean, eta 34 urte egin ditu bertan, bederatzi legealdi denera. 1998an, Lizarra-Garaziko itunaren garaian eta Jose Antonio Ardanza lehendakari zela, eledun izateko ardura ere hartu zuen, eta gaur arte aritu da zeregin horretan —Joseba Diez Antxustegik hartu dio lekukoa orain—. Ordutik, besteak beste, estatutuaren erreformarako Autogobernu Lantaldeko kidea izan da.

Egibarrek uko egingo dio, halaber, EAJren zuzendaritza nazionaleko kide izateari. 1987tik da Euzkadi Buru Batzarreko ordezkari, eta han ere bozeramaile lanak egin zituen 2004. urtera arte. Hain justu, Xabier Arzalluzen lekukoa nork hartuko, alderdi jeltzalearen buruzagitza eskuratzeko lehia estua izan zuen Josu Jon Imazekin 2003an.

Andoainen jaioa da, 1959an, eta 16 urterekin batu zen alderdira. Azken hamarkadetan, EAJren ildorik subiranistena ordezkatu du Egibarrek. Lizartzako (Gipuzkoa) alkate ere izan zen 2004tik 2007ko maiatzera arte, ezker abertzalea legez kanporatua izan zen garaian. Ibilbide politikoa, berriz, Eusko Jaurlaritzan hasi zuen, Gipuzkoako Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Kulturako ordezkari gisa, 1985-1989 legealdian. 

Arrizabalaga hautagai

Jose Antonio Susoren eta Itxaso Atutxaren erabakiei batuko zaie orain Egibarrena. Izan ere, Susok aspaldian iragarri zuen Arabako adarraren presidentetza utziko zuela, eta Itxaso Atutxak ere aurreko astean iragarri zuen Bizkaiko EAJ zuzentzen jarraitzeari uko egin eta politika utziko zuela. Horiek hala, Araba, Bizkai eta Gipuzko Buru Batzarrek zuzendaritza eta presidente berriak izango dituzte prozesua burura eramaten dutenerako, azaroaren 23rako —egun bat geroago GBBk—. Ikusteko dago IBBn Peio Etxelekuk jarraituko duen; NBBn, aldiz, ez da espero aldaketarik. 

Egibarren lekukoa hartzeko hautagai ugariren izenak aipatu dira azken hilabeteetan, baina izen propio bat gailendu da orain: Maria Eugenia Arrizabalaga. Izan ere, alderdiaren ildo ofizialak haren hautagaitza babestu du Gipuzkoako EAJren lema hartzeko. Zumaiako alkatea izan zen Arrizabalaga, eta jeltzaleen bozeramaile Batzar Nagusietan.

Legebiltzarreko lanak utzi berritan, Egibarrek esan zuen EAJn «erreferentzialtasuna» duten arduradunak berritzea tokatzen zela. Baina argi utzi zuen lehen lerroa utzita ere «alderdiaren mesedetan» jardungo duela beti: «Ni alderdian egongo naiz. Parlamentua utzi dut, eta jubilatu 65 urte betetzen ditudanean jubilatuko naiz. Baina ni politikatik ez naiz erretiratuko. Ni laguntzeko egongo naiz, tokatzen den tokian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.