Egibar, Erkoreka eta Tapia ez dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako zerrendetan izango

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagai proposatu dute berriz ere, eta Markel Olano diputatu nagusi ohia gehituko dute Gipuzkoako zerrendara. Nerea Melgosa da zerrendetan ageri den Eusko Jaurlaritzako sailburu bakarra.

EGIBAR ETA OLANO
Joseba Egibar eta Markel Olano, agerraldi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Gurutze Izagirre Intxauspe - Iosu Alberdi
2023ko abenduaren 11
15:45
Entzun

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak bidali dizkie alderdi barruko erakundeei Eusko Legebiltzarrerako proposatutako hautagaien zerrendak: denera, hogeina izen Arabarako eta Gipuzkoarako, eta hamazazpi Bizkairako. Bizkaiko zerrendan ageri da Imanol Pradales, EBBk Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko proposatutako gizona. Gipuzkoakoan, berriz, Bakartxo Tejeria. EBBk jakinarazi du hura dela Eusko Legebiltzarreko presidente izateko nahi duen hautagaia; azken hiru legealdietan kargu hura izan du. Gipuzkoako zerrendan, baina, badira berritasunak ere. Joseba Egibar legebiltzarreko eledun eta GBBko presidentea ez da ageri; ez aurkeztea erabaki du, alderdiko iturriak aipatuz berri agentziek esan dutenez. Bai ageri da Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia.

Egibarrek 33 urte egin ditu legebiltzarkide gisa, eta 1998tik da Eusko Legebiltzarreko jeltzaleen eleduna izan da. 1990ean hasi zuen bidea legebiltzarkide gisa. 1998an, Lizarra-Garaziko itunaren garaian eta Jose Antonio Ardanza lehendakari zela, eledun izateko ardura ere hartu zuen. Ordutik, besteak beste, estatutuaren erreformarako Autogobernu Lantaldeko kidea izan zen. Oraingoan, baina, beste batzuk hartuko dituzte EAJren Gipuzkoako zerrendaren goi postuak. EAJk ordena alfabetikoan argitaratu ditu proposatutako hautagaiak, baina badira ibilbide politiko esanguratsua duten batzuk. Bakartxo Tejeria eta Markel Olano dira horietako bi. Tejeria ez da zerrendan berriro agertuko den bakarra, egun Eusko Legebiltzarrean dauden beste sei izen ere ageri baitira zerrendan; tartean, Olatz Peon Tolosako alkate ohia. Haien artean daude Maria Eugenia Agirrezabalaga GBBko kide eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eleduna, eta Xabier Barandiaran alderdiko berrikuntza politikoaren arloko arduraduna ere.

Bizkaiko zerrendan, Pradalesekin batera, egun Eusko Legebiltzarreko parlamentari diren bederatzi lagun ageri dira. Araban, berriz, bakar bat: Ana Ruiz de Alegria. Arabako zerrendan ageri da egun Euskal Jaurlaritzako sailburuen artean azaltzen den izen bakarra ere: Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Hau da, proposatutako zerrendetan ez dira ageri Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren gobernuetan parte hartu duten izen garrantzitsuak, hala nola Arantxa Tapia eta Josu Erkoreka sailburuak.

Halere, proposatutako izen zerrendak ez dira behin betikoak. Orain, Uri Erakundeei dagokie proposamenekin bat egitea edo horiek atzera botatzea, eta izen gehiago proposatzea; abenduaren 24 arteko epea dute. Ondoren, bigarren aukeraketa fase bati ekingo diote, eta urtarrilaren 14rako lurralde bakoitzeko 25 hautagai eta bost ordezko hautatuko dituzte. Azkenik, Herrialde Batzarretatik pasatu ostean, urtarrilaren 27an Ezohiko Aberri Batzar batean behin betiko zerrendak baieztatuko dituzte, EBBk ohar bidez jakinarazi duenez.

Pradales buru

Azaroaren 24an, filtratu zenean EAJk Iñigo Urkulluri esan ziola ez zela berriz lehendakarigai izango, EBBk ezohiko bilera egin zuen biharamunean, eta haren ostean ezagutarazi zuten zein hautagai proposatu nahi zuten: Imanol Pradales. Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea da Pradales; hango irakaslea den arren, 2007tik dago lan baimenarekin. Ibilbide politikoa Bizkaiko Foru Aldundian egin du. Bizkaiko azpiegituretarako eta lurralde garapenerako foru diputatua da, eta besteak beste, Supersurren kudeaketa izan du bere gain.

Oraindik ez dute jakinarazi Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak noiz egingo diren, baina, iturri guztien arabera, Iñigo Urkulluk ez du legealdia amaituko. Ekainean Europako Parlamenturako hauteskundeak egitekoak dira, baina alderdi jelkideak ez du nahi estatuko alderdiak indartsuago ager litezkeen bozen egun berean egin Eusko Legebiltzarrekoak. Horregatik, uste da Urkulluk aurreratu egingo dituela hauteskundeak.

Halaber, EAJk hasi du Europako hauteskundeetarako barne prozesua ere. Izaskun Bilbao ez da berriz hautagai izango, iragan larunbatean iragarri zuenez. «Aro baten amaiera» dela esan zuen, bost urteko hiru legealdi eginda Europan. Haren ordezkoaren bila, EAJren EBBk 32 izeneko zerrenda bat proposatu die alderdikideei. Zerrenda horretan ageri dira, besteak beste, Daniel Innerarity pentsalaria, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, eta Oihane Agirregoitia Bilboko zinegotzi ohi eta Espainiako Kongresuko zerrendarako aurkeztutako alderdikidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.