Joseba Arregi Erostarbe euskal presoa aske geratu da

Oñatiko preso ohiak 32 urte eta erdi pasatu ditu kartzelan, 1992ko martxoaren 29tik orain arte, ia etenik gabe.

2024ko irailaren 30a
10:40
Entzun

Joseba Arregi Erostarbe euskal presoak zigor osoa bete du, eta aske geratu da, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Frantziako Poliziak atxilotu zuen, Bidarten (Lapurdi), 46 urte zituela, eta 78 ditu orain. Guztira, 32 urte eta erdiko kartzelaldia bete du, euskal presoen artean luzeenetakoa.

Hasieran, zortzi urteko espetxealdia bete zuen Frantzian. Espainiara eraman eta gero, Espainiako Auzitegi Nazionalak zigor gehiago ezarri zizkion. Espetxealdiaren zatirik luzeena Euskal Herritik urrun bete du. Duela bost urte hurbildu zuten Euskal Herrira, Asturiasko Villabonara. Baina Euskal Herrian soilik bi urte eman ditu, Martutenen (Donostia, Gipuzkoa), hain zuzen.

Arregi Erostarberentzat bukaerara arte luzatu dira neurri bereziak. Frantzian preso egondako tartea ez zuten aintzat hartu Espainian, nahiz eta Europako irizpideak hori agintzen duen; hala egin izan balute, aspaldi egongo zen kalean, Etxerat-ek nabarmendu duenez. Bestalde, adina eta horren ondoriozko osasun arazoak kontuan hartuta, aurretik aske izatea zegokion oñatiarrari. Gainera, haren alde onetsitako gradu progresioak bertan behera utzi dituzte zenbaitetan.

2022. urtean zortzi hilabetez etxean egon zen Arregi, Eusko Jaurlaritzak Martuteneko Tratamendu Batzordearen eskaera berretsi ostean, baina, gero, Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak aintzat hartu zuen hura. Hori gertatu eta hilabete gutxira, ordea, hirugarren gradua onartu zioten. Baina hura ere ez zen nahikoa izan: aldaketa hori baliogabetu egin zuten egun gutxian. Etxerat elkarteak baieztatu du 2023ko abendutik bigarren gradu arinduan atera izan dela kalera, eta, aurtengo ekainetik, hirugarren graduan kontrol telematikoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.