Joseba Agirreazkuenagak jaso du Euskadi Ikerkuntza saria

Egindako ikerketa historikoengatik eta dibulgazio lanagatik jaso du 2019ko saria EHUko Historia Garaikideko katedradunak, Gasteizen

Urkulluk Gasteizen eman dio saria Agirreazkuenagari. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maider Galardi
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea du ikerlari eta irakasle gisa, eta horren aitortza jaso zuen atzo, Gasteizen, Joseba Agirreazkuenaga ikerlari eta EHUko Historia Garaikideko katedradunak (Bilbo, 1953): 2019ko Euskadi Ikerkuntza saria eman zion Iñigo Urkullu behin-behineko lehendakariak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen du urtero saria, eta bi urtean behin aldatzen dute ikerketa adarra: urte bakoitietan gizarte zientzien arloko ikerketek jasotzen dute aitortza, eta urte bakoitietan, berriz, zientziaren eta teknologiaren arloko ekarpenek. Oraingoan, Agirreazkuenagarentzat izan da saria, «egindako ikerketa historikoengatik eta dibulgazio lanagatik». 1980tik ari da EHUn lanean.

Ekitaldian, Urkulluk nabarmendu du pertsona «konprometitua» dela Agirreazkuenaga: «Euskal gizartearekin eta baliabide kultural zein sozialekin konprometitu da, baita dibulgazioarekin ere». Lehendakariak nabarmendu du katedradunak erakutsi duela«ezagutza ondasun komun bat» dela. Epaimahaiak ere horixe azpimarratu du: Agirreazkuenaga ikerkuntzan aritu dela, betiere gizarteari jakintza zientifikoa helarazteko asmoz. Katedradunak eta beste kide batzuk horretarako sortutako egiturak ere aipatu dituzte, hala nola Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutua eta Bidebarrieta Kulturgunea.

Euskal historian aditua

Gehienbat Euskal Herriko historiari lotutako lanetan aritu da Agirreazkuenaga. 1972an hasi zen ikerlari, Jose Migel Barandiaranen eskutik, eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen Filosofia eta Letren ikasketak. Gero,Julio Caro Barojaren gidaritzapean ondu zuen doktore tesia. Besteak beste, Euskal Herriko egitura administratiboen historiari eta iraultza liberalei buruzko lanak egin ditu. 2011nEuskal Herritarren burujabetza politikoaren auzia mundu berriaren zurrunbiloan publikatu zuen, eta Bilboko Udalak Miguel de Unamuno saria eman zion lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.