Jesuita, apaiza, ingeniaria, irakaslea eta ikerlaria, Deustuko Unibertsitatearen errektore izandakoa, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatu berria... Jose Maria Guiberten (Azpeitia, Gipuzkoa, 1962) curriculuma ez da laburretakoa. Aipatutakoez gain, eta aurretik, Jesus Guibert enpresa gizon zenaren semea da. 1983ko martxoaren 21ean Azpeitian bahitu eta hamazazpi egunez gatibu eduki zuten Komando Autonomo Antikapitalistek (KAA) Jesus Guibert, Marcial Ucin enpresako kudeatzailea, Errezilgo (Gipuzkoa) kobazulo batean. Aita hil eta hamar urtera, duela 41 urteko bahiketa hartaz liburua argitaratu du Guibert semeak: La Caverna: diario del secuestro de un empresario vasco. Joan den astean kaleratu zuten bigarren edizioa. Ekainaren 25ean, asteartean, Azpeitian aurkeztuko du liburua, Munoandi elkarteak antolatutako ekitaldian, Sanagustinen (19:00).
Nor zen Jesus Guibert?
Guretzat, noski, atte, etxekoa. Kanpotik begiratuta, enpresa gizona, jendeak horregatik ezagutzen zuen. Liburuko kapitulu batean azaltzen dut zerk definitzen duen enpresari izatea: informazioa lortzea, biltzea, eta erabakiak hartzea, hori da nire ustez enpresariek egiten dutena edo egin behar dutena. Gure aita enpresaria zen, proiektu askotan zegoen sartuta eta harremanak zituen jende askorekin. Pertsona egonkorra zela ere esango nuke, patxadatsua, lasaia, bai etxean eta bai kanpoan. Liburuan, nolabait, aita bere hitzetan aurkezten dut. Hamazazpi atal ditu, bahituta izan zuten egun bakoitzeko atal bat. Kapitulu bakoitzaren lehen zatian, aitak hitz egiten du; beste zati batzuetan, bahiketaren garaian gizarteak zer esaten zuen jaso dut, erakundeek, politikariek eta abarrek zer esaten zuten; eta gero, familiaren bizipenak. Liburuaren %40-edo da aitaren aurkezpena, bera hitz egiten.
Duela 41 gertatu zen bahiketaren bueltan idatzi duzu. Zergatik orain?
Buruan nerabilen zerbait zen aitari gertatu zitzaionaz zerbait idaztea, hausnartzea... Etxean bagenuen dossier oso bat, hiru liburutan banatuta, aitaren bahiketaz garaiko prentsan idatzi zen guzti-guztia jasotzen duena; Iruñeko Hitz enpresak egin zuen eta ia 500 aipamen desberdin ditu, hasi Egin-etik eta El Alcázar-eraino. Duela urte batzuk lantokira ekarri nuen txosten hori. Iaz, errektoretza utzi eta hurrengo egunean hasi nintzen lanean, prentsa txostena irakurtzen eta eskemak egiten. Ez nekien niretzat izango zen zerbait edo argitaratzeko zerbait egin. Ingeniaria naiz eta, beraz, nahiko analitikoa ere bai. Batetik, zer gertatu zen azaldu nahi izan dut, memoriarako. Gertatutakoa aurkeztearekin batera, ordea, balio batzuk ere nabarmendu nahi izan ditut: gogo ona, itxaropena eta elkarbizitzarako baliagarriak izan daitezkeen proposamenak egin. Hain zuzen ere, aitari buruz eta aitaren izenean egiten ditudan hausnarketa asko nireak dira, baina jendeak, familiak ere, ondo hartu ditu. 2023ko ekainean eta uztailean idatzi nuen liburuaren oinarria. 28 kopia egin eta banatu nituen jendearen artean, ezagunak eta zer esana izan zezaketenak. Jende horrekin hitz eginda, konturatu nintzen ez zekitela ia ezer, idatzi nuenaz %5 zekiten, bakoitzak bere %5a, eta besteaz ezer ez. Batzuen eta besteen ekarpenekin osatu dut liburua.
21 urte zenituen aita bahitu zutenean. Non zeunden eta zertan zenbiltzan?
Urte hartan sartu nintzen jesuita. Hiru urtez Ingeniaritza ikasi, utzi, eta jesuita sartu nintzen. Jesuita egin berritan hainbat formazio egiten dira, eta Burgosko [Espainia] ospitale batean boluntario lanak egiten ari nintzen aita bahitu zutenean; hain zuzen ere, bi egun lehenago, San Jose egunez, gurasoak bisitan izan nituen. Valladolideko jesuiten etxetik [Espainia] hots egin zidaten, zerbait gertatu zela eta etxera deitzeko esanez. Deitu nuen, eta artean zalantzak zituzten bahitu zuten ala ez, baina etxera joateko esan zidaten. Burgosen trena hartu eta Donostiara joan nintzen, aitari zer gertatu zitzaion argi jakin gabe eta buruari bueltak eman eta eman. Geltokira joan zitzaizkidan bila eta orduan jakin nuen baietz, aita bahitu egin zutela.