Jose Mari Sagarduiri «harrera beroa» egiteko deia egin du Etxerat-ek

Ia 31 urtez kartzelan egon ondoren, «bizirik aterako da» Gatza zornotzarra, gaur, Jaengo espetxetik

Jose Kruz Coto eta Izaskun Abaigar, presoen beste 25 seniderekin egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Ia 31 urtez kalea ikusi gabe egon ondoren, gaur aterako da Jaengo espetxetik Jose Mari Sagardui Gatza. Bizi oso bat eman du espetxean zornotzarrak, eta Europa osoan arrazoi politikoengatik preso denbora gehien daraman pertsona da. «Gatzak merezitako harrera behar du», esan dute Jose Kruz Coto eta Izaskun Abaigar Etxerat-eko kideek. «Euskal gizartea ongietorri beroa ematera gonbidatzen dugu».

Horren espetxealdi luzeek dakarrenari buruz gogoeta egin dute Etxerat-eko ordezkariek Bilbon egindako agerraldian. «1980ko uztail hartan, jaio gabe ginen bertan gauden batzuk». Bizi oso bat igaro dela ohartarazi dute, zenbait gertaera gogora ekarrita: Nikaragua iraultza sandinistaren oihartzunak astintzen zuen garaia zela Sagardui atxilotu zutenekoa; Reagan eta Thatcher boterera iritsi zirela; Suarez zela Espainiako Gobernuko presidentea eta Gicard D'Estain zegoela Eliseoko Jauregiko buru; Berlin bitan zatituta zegoela oraindik; eta Nelson Mandela Robben Island-eko espetxean edukitzen zutela. Oroimenera zuri-beltzean datorren garai hartatik dute preso Gatza.

«Europako espetxe politikarik gogorrena» ezagutu duela diote Etxerat-ekoek, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak harro esandako hitzak errepikatuta. Aldiro-aldiro gogortuz joan den politikako aro guztiak ezagutu ditu: 80ko hamarkadan poliziek espetxetara sartuta sarraskiak egiten zituztenekoa, segurtasun goreneko espetxeak sortu zirenekoa, zein ondorengo sakabanaketa, «EPPK zatitzeko saioak, xantaia etengabea, bakartzea, kideen heriotza, bizi osorako zigorra dakarren doktrina, katxeoak, jipoiak eta beste».

Datuek erakusten dute espetxe politikaren gogortasuna: Sagarduik espetxean daraman denboran 21 euskal preso hil dira kartzelan, eta horiek bisitatzera zihoazen hamasei senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan.

Hala ere, «Gatza bizirik aterako da espetxetik!», esan dute Abaigarrek eta Cotok miraria balitz bezala. «Euskal preso politikoak amaitzeko neurri eta tresna guztiak gainditu ditu Gatzak. Bata bestearen atzetik etorri diren neurri anker guztiei aurre egin die».

Neurri gogor horiek bere horretan jarraitzen dutela salatu dute, bi adibide aipatuta. Julen Larrinaga presoaren lagunek istripua izan dute berriki Galiziako Curtis espetxera bidean, eta Mikel Ibañez gaixotasun larria izan arren preso zeukaten preso ohia ostegunean hil zen.

«Egoera hauek amaitzeko unea da», aldarrikatu du Abaigarrek; «xantaia amaigabeko espetxe politika errotik aldatu, eta konponbiderako martxa hartu beharra dago».

Bi ekitaldi debekatu dituzte

PPk eskatutakoa beteta, gaur eta larunbatean Zornotzan egitekoak diren bi ekitaldi debekatu ditu Herrizaingo Sailak: gaur 20:00etarako bizi arteko zigorraren aurka iragarrita dagoen manifestazioa, eta helburu berarekin larunbateko 17:30erako deitu duten nazio mailako ekitaldia. «ETAko preso bati omenaldia egingo zaio», argudiatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.